Amaia Zubieta eta Iñaki Redin EILAS-kideak
Aldaketak Hezkuntza Departamentuan
Berehalako ondorioa Hezkuntza Plan Estrategikoan jasota dauden eta egun martxan dauden neurriak geldiaraztea izan daiteke
UPNk aitzakia ezin hobea aurkitu du CDNrekin eteteko, leialtasun eza leporatu baitio, irailaren 25ean Legebiltzarrean euskararen eremua zabaltzearen aurkako botoa ez emateagatik, nahiz eta hasierako aldeko botoa aldatu abstentzio epel baten truke.
Une honetan ez ditugu zergatiak baloratuko, erabaki honek hezkuntza arlora ekarriko dituen ondorioak baizik.
Legealdi hasieratik arazo larriak izan ditugu elkar ulertzeko kargugabetu duten kontseilariarekin, Carlos Perez Nievasekin (kontratatuen kudeaketa zerrendak, Ituna betetzeko uzkurtasuna, inprobisazioa eta ezkutuko asmoak neurri potoloak hartzerakoan, hala nola egitasmo elebidun eta hirueledunak ingelesaren mesedetan eta euskararen kaltetan eta abar). Beraz, ez dugu hemen bere kudeaketaren defentsa egingo, baina bera kanporatu ondorengo panorama ez da batere itxaropentsua.
Joan den irailaren 30ean jakin genuen Alberto Catalan Erakundeekiko Harremanetako eta Gobernuko eleduna izateaz gain, Hezkuntza kontseilari izango dela. Honek erakusten digu Gobernuari irakaskuntza gutxi axola zaiola.
Berehalako ondorioa izan daiteke Hezkuntza Plan Estrategikoan jasota dauden eta gaur egun martxan dauden neurriak geldiaraztea, Plan hau oraindik plazaratu gabe egon arren. Ez zaigu gehiegi inporta, baina hezkuntza arloko ildoen egonkortasun ezaren aurrean gaude berriro ere. Kontseilari izendatu berri bakoitza bere «gai liluragarriak» besapean dituela etortzen zaigu eta handik gutxira barreiatzen dira, hezkuntza politikei koherentziarik eta jarraipenik eman gabe.
Are larriagoa da zein egoeratan izan daitezkeen ekimen sindikala eta Itunaren garapena. Ikasturte bukaera tirabiratsua izan ondoren, kontseilari ohiarekin izandako bilera batean, abuztuaren 21ean, lortu genuen haren hitza: berehala hasiko zela arautzen Itunak sortutako aldaketak, indarrean izateko argi eta garbi. Eta, bestetik, jarrera baikorragoa, krisia dela-eta indarrean jarri ez diren neurriak garatzeko. (Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen ordutegia, osatu gabeko landa eskolak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuak Bigarren Hezkuntzako institutu bihurtzea, irakasleen prestakuntza, kontratatuen lan baldintzak...).
Jarraipen Batzordea mantentzeko borondatea balego ere, ez dugu uste borondaterik dagoenik. Geldialdia ekarriko duela nabarmena da eta zaila izango da negoziazioari ekitea.