La Poste pribatizatzearen kontra agertu dira Ipar Euskal Herriko kontsultetan
Postaren pribatizazioaz herritarren iritzia ezagutzeko joan den astean antolaturiko herri kontsultak «erantzun zabala» jaso du. Orain, diputatu eta senatariei erreferendum ofiziala antolatzeko eskatu nahi diete.
Arantxa MANTEROLA |
La Poste posta zerbitzuaren estatusa aldatzeko Gobernuaren erabakiak eragindako aurkakotasuna herri-kontsulten bidez baieztatuta geratu da joan den astean. Estatuan eta Ipar Euskal Herrian mahai bereziak jarri dituzte herritarrek zerbitzu publikoaren pribatizazioaz beren iritzia adieraz dezaten. Gaiari buruzko herri kontsulta egitea 60 bat talde, erakunde, alderdi eta sindikatuk antolatutako ekimena izan da, eta Estatuan bi milioi pertsonak parte hartu du.
Atzo, Baionan, CGT, FSU eta «Debout la République» alderdietako ordezkariek datuak ezagutarazi zituzten. Lapurdin eta Nafarroa Beherean (Zuberoako datuak Biarnokoekin batu dituzte) 39 mahai jarri dituzte, horietako asko herriko etxeek utzitako aretoetan. Datu guztiak erabat osatu gabe badituzte ere, antolatzaileek adierazi dute gehienak bilduak direla. Guztira, 8.837 pertsonak eman du iritzia. Horietako 8.660 (%98) aurka agertu dira, 99 alde, eta 38ren iritzia baliogabetua izan da.
Giza baliabideen eskasiarengatik ezin izan dute kontsulta herri edo kantonamendu guztietan egin, baina, hala eta guztiz ere, «harrituta» daude ekimenak izandako erantzun onarekin, batez ere, denbora oso laburrean eta bitarteko gutxirekin antolatua izan delarik.
Gertuko zerbitzuari atxikiak
Daniel Romestant CGTko kidearen esanetan, «inplikazio horrek adierazten du herritarrak posta gertuko zerbitzutzat dutela». Gainera, kontsulta «ezkertiarrei» zuzentzen zitzaiola ustea, «aurreiritzi bat gehiago» izan dela nabarmendu zuten. «Eskuin edo ezker, argi da herritarrak La Posteri, eta bide batez, gainerako zerbitzu publikoei atxikiak direla», esan zuen Alain Duzert sindikatuko bere kideak. Are, zerbitzuok herri egituraketa bermatzen duten heinean, hautetsi askok ere gogoz parte hartu duela gehitu zuen.
Orain, jasotako iritziei jarraipena nola eman aztertuko du postaren pribatizazioaren kontrako Kolektiboak. Bertan dauden erakunde eta sindikatuek beren proposamenak aurkeztuko dituzte baina, berehala, batzordeei eskatu diete lekuan lekuko diputatu eta senatariekin harremanetan jartzeko, Konstituzioaren 11. artikuluak ahalbidetzen duen moduan, La Posteren pribatizazioaz erreferendum ofiziala antola dezaten.