Dagoeneko 25 lagun inguruk egin du txanda Berostegiko pagoetan zintzilik
GARA
«Erresistentzia eta desobedientzia ekintzaren» ondorioz ia astebetez geldirik jarraitzen dute Berostegiko Zubin errekaren inguruko abiadura handiko trenaren lanek. Hainbat lagun 100 urtetik gora dituzten hiru pagotara igo zirenetik astebete baino gehiago igaro den arren, gero eta sendoagoa da Itsasondo eta Legorreta arteko auzo honetan AHTren bidea eraikitzeko lanak geldiarazteko antolaturiko erresistentzia. Bestalde, Euskal Herriko beste hainbat lekutara ere zabaltzen ari da zuhaitzen defentsan antolaturiko protesta.
Berostegin, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanekoek GARAri adierazi ziotenez, dagoeneko Euskal Herri osotik etorririko 25 lagun inguruk egin dute txanda zuhaitz gainetan zintzilik. Gainera, aurreko asteburutik, zuhaitz horietatik gertu, AHT eraikitzeko desjabeturiko lurretan, hainbat lagun daude kanpin dendekin, gau eta egun bertan. Bestalde, Goierriko Elkar- lanekoen arabera, langileak bertan ari ez diren arren, Ertzaintza eta Guardia Zibilaren presentzia nabarmena da, eta salatu zutenez «kontrolak jartzeaz gain, jendea zelatatzen ari dira».
Hala ere, egunero bertara ikusminak jota zein babesa ematera hurbiltzen den jendeari lan eremua erakutsi eta ekintzaileen berri ematen diote. Bestetik, iluntzero elkarretaratzea egiten dute zuhaitzetan direnei babesa erakutsiz.
Bihar, zuhaitzak landatzea
Iragan asteburuan, AHTren aurkako lagunek adierazi zutenaren arabera, «baso mozketan ari den Txaleko enpresa ez da Lakuako Gobernuak AHTren eraikuntza lanetarako ezarritako ingurumen neurriak betetzen ari». Izan ere, aurreikusitakoa baino eremu zabalagoko zuhaitzak mozteaz gain, «proiektuak aleen lekualdatzea aurreikusten zuen eta hori ez da bete», azaldu zuten.
Horregatik, bihar goizerako zuhaitz landatzea deitu du Zuhaitzetako Ekintzaileekiko Sostengu talde sortu berriak. «Baso mozketa neurrigabea izan denez, lan eremuan berriro ere zuhaitzak landatuko ditugu», adierazi zuten ohar bidez. Beraz, goizeko hamaiketatik aurrera ekingo diote desjabetutako lurretan zuhaitzak landatzeari eta lanetan lagundu nahi duen edonori bertara gerturatzeko deia egin diote.
Protestak herriz herri
Ugariak dira, bestalde, Euskal Herriko herrietan AHTren aurka egiten ari diren protestak. Adibide gisa, atzo bertan, Ordizian asteazkeneroko azoka eguna zela-eta, pertsona bat Foruen Pasealekuko zuhaiztian arbola gainera igo zen, Berostegiko pagoetan igota direnei elkartasuna adierazteko eta ekintzari oihartzuna emateko asmoz.
Inguruko zuhaitzetan «AHTrik ez!» edo «Zuhaitzei sustraietatik eutsiz, antolatu erresistentzian» gisako leloak zituzten kartelak zintzilikatu zituzten.
Esku-orriak banatu zituzten Ordiziako azokan zebilen jendearen artean, eta biharko, Berostegiko zuhaitz landaketan parte hartzeko gonbita ere egin zuten.