Jabier Muguruzak hamargarren lana eman du, begirada barrunbeetatik argitara zabalduta
A. BILBAO | BILBO
«Taxirik ez, taxi geltokietan» dio Harkaitz Cano idazleak Jabier Muguruza musikariari egin dion kantuko lehen ahapaldiak, irundarrak bere hamargarren bakarkako lana izendatzeko erabili duena, iradokitzailea iritzita.
Resistencia diskoetxeak plazaratua den hamargarren lan honek urtebeteko lana eskatu dio. Hamar kantu bildu ditu, eta Muguruzak berak idatzitako bakar bat ere ez. Canoz gain (bi kanturen egile), musikariak ohiko lankide dituen Jose Luis Padron, Gerardo Markuleta, Bernardo Atxaga eta anaia Iñaki Irazu (bi kantu idatzi ditu) eta aurrenekoz kantu bat egin duen Iban Zalduaren hitzak erabili ditu. Horiei guztiei gehitu behar zaie Maria Mercé Marçal olerkariaren omenez, zendu zeneko hamargarren urtemugan, Mikel Azpiroz donostiar teklatu jotzailearekin grabatutako «Tan petita» diskoa katalanez ixten duen kanta.
Kantugile ugari biltzen ditu beraz, Jabier Muguruzak lan berri honetan, baina aurreko «Konplizeak» biluzi eta barnerakoiarekin alderatuta, aldaketak dakartza gai edo tonuari dagokionez, honakoa «argitsuagoa baita, eta ez orain artekoak bezain intimista», Muguruzaren beraren hitzetan.
Gaiez gain, erritmoan du berrikuntza nagusia Muguruza nagusiaren lanak, lanari kolorea gehitzeko sekzio erritmikoa berreskuratu baitu. Horrela, Angel Unzu (gitarra) eta Mireia Otzerinjauregi (ahotsa) musikarien lankidetzaz gain -«Konplize» izan zituen- aspaldiko lagun Txema Garces (baxua) eta David Gomezek (bateria) parte hartu dute lan berrian, baita Roberto Yaben (gitarra), Mikel Azpiroz (teklatuak) eta Maite Aseginolazak (moldaketak) ere.
Betiko Jabier Muguruzak leiho berri bat ireki, eta irribarrez bete zaio «Taxirik ez». Bilbon aurkeztuko du zuzenean, urriaren 21ean.