Caja Laboral Baskonia
Arazoak pilatzen ari dira, ACB Liga hastear dela
Gasteiztarrek Will McDonald bere jokalari ohiaren aurka salaketa jarri dute FIBAren aurrean, eta taldea oraindik itxi gabe dagoela onartu du Kerejetak.
GARA | GASTEIZ
Azken urteetan ere antzeko egoeran izatera ohituta egon arren, deigarria da Baskoniaren inguruan aurtengo denboraldiaurrean sortu den arazo mordoa, kirol ikuspegitik harago. Lesioak direla-eta izan dituzten ezbehar guztiekin batu zaie orain Will McDonald estatubatuarraren fitxaketak sortutako ika-mika, eta beste hegaleko baten fitxaketa ere mahai gainean dagoen gaia da. Kontu askotxo ACB Liga hastear den honetan.
Joxean Kerejeta presidenteak berak baieztatu du berriki Baskonia hegaleko bat fitxatzeko asmoarekin dabilela, min hartuta dauden jokalarien hutsunea betetzen saiatzeko. Gainera, badirudi Vladimir Micov serbiarrak ez dituela taldeko arduradunen itxaropenak bete -urtebeteko kontratua du, baina aurreneko bi hilabeteetan taldeak bertan behera uzteko eskubidea du-, eta horrek beste fitxaketa bat egiteko beharra areagotu du.
Zalantza nagusia, ordea, atzerritar plaza hartuko lukeen jokalari bat fitxatzea da. Jakina da Brad Oleson estatubatuarra espainiar nazionalitatea jasotzeko zain dagoela, eta hori lortuz gero, talde gasteiztarrak eskuak libre izango lituzke NBAko taldeetan lekurik gabe geldituko diren amerikarrekin hitz egiten hasteko, jokalariaren pasaporteak baldintzatu gabe, gainera.
Baina denbora ez denez alferrik pasatzen, eta Olesonen kontua luzerako joan daitekeenez, kezkagarria izan daiteke denboraldia hasita dagoela taldea itxi gabe edukitzea. Emaitzak orain artean ez dira oso onak izan, eta Gasteiz aldean exijentzia maila oso goian dago aspaldidanik.
McDonald auzia
Aurreko dena gutxi ez eta, Caja Laboral Baskoniak salaketa bat ipini zuen atzo FIBAren aurrean Will McDonald bere jokalari ohiaren aurka, «kontratua ez betetzeagatik». Joxean Kerejetak azaldu zuenez, estatubatuarraren kontratuan klausula bat zegoen, akordioa eten ahal izateko jokalaria 180.000 euro ordaintzera behartzen zuena.
Eztabaidaren muina diru kopuru hori ordaintzeko moduan dago. Kanaria Handiko taldeak hiru epetan ordaindu nahi du, baina talde gasteiztarrak ordainketa bakarrean jaso nahi du zor diotena. Las Palmasen jokatutako Superkopa baliatuz, bi taldeetako zuzendaritzek hainbat bilkura izan zituzten, baina ez zuten akordiorik lortu. Kanariarrek diotenez, ahozko akordio bat zegoen ordainketa hiru epetan egin ahal izateko.
Horrez gain, arazoa are gehiago zailtzen duen beste faktore bat ere badago. Dirua kobratzeko dituen zailtasunak ikusita, Baskoniak 180.000 euroak McDonaldi ordaindu behar dion kopurutik deskontatu nahi ditu, eta jokalariak bere talde ohiaren aurka neurriak hartzeko prest dagoela adierazi du egunotan.