Bedaxagarrek herri-kantak bildu ditu «Auñamendi» disko berrian
Hamabost herri-kanta eta sorkuntza biltzen ditu Zuberoako kantari Jean Mixel Bedaxagarren «Auñamendi» izeneko azken diskoak. Lan honekin abeslariak bere kantu zaletasuna adierazteaz gain, betiko abestiek guztion oroimenean duten garrantzia nabarmendu nahi du.
Ainize BUTRON |
Herri kantak bildu, plazaratu eta transmititzea da Jean Mixel Bedaxagar abeslariaren nahia. 1995an kaleratu «Ote lili denean» azken lanaren ildotik, «Auñamendi» disko berria aurkeztu zuen atzo. «Hamabost urtean behin diskoa kaleratzen dut, beste era bereko bi edo hiru aterako ditut eta aski», adierazi zuen Bedaxagarrek atzoko agerraldian.
Auñamendi diskoan, zuberotar kantariak bereziki Zuberoako, baina oro har, Euskal Herriko abestiekiko betidanik duen zaletasuna islatu nahi izan du. «Zuberoako kantari handienak ezagutzeko grazia izan dut, eta, horiek izan ditut maisu abesten ikastean. Beraiek bazekiten Zuberoako kantuak eta Nafarroa Beherekoak era berean abesten. Beraien oroimenarekiko leial izaten saiatzen naiz», gaineratu zuen.
Hamabost abesti biltzen ditu disko berri honek. Horien artean gehienak herri-kantak dira, hala nola «Ikusten duzu goizean», «Ene maitea barda nun zinen», edo «Xori erresiñoletak». XVII. eta XX. mende arteko abesti ospetsuak dira gehienak.
Horiekin batera, Bedaxagarrek berak sorturiko hiru abesti agertzen dira. Eta, kantu horiek plazaratzeko abeslari ospetsuen laguntza ere izan du: Erramun Martikorena, Mixel Arotze, Amaren Alabak eta Johañe Bedaxagar semea. «Transmisioak garrantzi handia du Bedaxagarrentzat, eta, disko honetan bere seme Johañe eta Amaren Alabak taldearen bidez alabak ere parte hartzea xede horren isla da», goraipatu zuen Elkarreko ordezkariak. Horrenbestez, kantuak mantentzea garrantzitsua zela nabarmendu zuen Bedaxagarrek, garai bateko errealitatearen ispilu direla esanda. «Oroimen kolektiboan garrantzitsua da garai bateko abesti zaharrak atxikitzea bai eta transmititzea ere. Kantuan beste hainbat sailetan bezala, sorkuntza egin nahi bada, aurretik egindakoa ezagutzea ezinbestekoa da», esan zuen. Kantu gehienak a capella badira ere, txirula eta tuntuna hutseko hiru doinu azaltzen dira diskoan.
Abestiak ez dira Jean Mixel Bedaxagarren diskoaren berezitasun bakarra, «Auñamendi»ren azala Nestor Basterretxea eskultoreak egin baitu.
Disko berriak, beraz, Bedaxagarrek egindako kantu zaharren bildumaren zati bat baizik ez du agertzen. «Hogeita hamar bat kantu nituen. Horien artean hautaketa bat egin dugu. Besteak gerorako atxikiko ditugu», bukatu zuen.