Leitzan eta Bilbon dauka jarria asteburuko plana Txapelketa Nagusiak
Leitzan gaurkoa eta Bilbon biharkoa. Asteburuko plana egina dauka 2009ko Txapelketa Nagusiak. Bi final-laurden, hamabi bertsolari eta bi mila bat bertsozale. Bertso festa ederra izateko osagaiak egon badaude; orain bertsolarien esku dago festa hori ona izatea edo sekulakoa. Gazteak, zaharxeagoak, etorri berriak eta beteranoak elkartuko dira oholtzan, batzuk saioari begira eta beste batzuk hurrengo saioari begira. Berriz ere gehien gozatuko duena, bertsozalea.
Amagoia MUJIKA |
Aspaldiko ezagunak eta aurpegi berriak elkartuko zaizkio oholtzan Txapelketa Nagusiari asteburuan. Plana dagoeneko egina dauka, eta ondo ateratzen jarraitzeko -Zestoako saio jendetsuak bidea dotore ireki zion- baldintza guztiak dauzka. Neketsuena, gainera, martxan jartzea izaten omen da. Behin martxa hartuta, bidea aise egingo duen itxura guztia dauka.
Ikusi besterik ez dago sarreren salmentak daraman bidea. Zestoan ere konturatzerako amaitu ziren, eta Leitzan eta Bilbon berdintsu gertatuko dela dirudi. Ostegun gauerdia bitartean egon dira sarrerak salgai Interneten, eta Bertsozale Elkarteak emandako datuen arabera, Leitzako saiorako 320 sarrera saldu dira dagoeneko (900 lagunentzako tokia izango da). Bilboko saioan, Arriaga antzokian, 1.100 lagunentzako tokia izango da, eta astean zehar 340 sarrera inguru saldu dira. Beraz, salmenta martxa onean doan arren, sorta ederra izango da bai Leitzako, eta bai Bilboko leihatiletara hurbiltzen diren bertsozaleentzat.
Adin berdintsuko seikotea
Leitzakoa izango da txapelketako bigarren final-laurdena. Udal kiroldegian izango da saioa eta adin berdintsuko seikotea igoko da oholtzara, 30 urteren bueltakoak guztiak. Hiru gipuzkoar, bi bizkaitar eta nafar bat arituko dira kantuan. Xabier Sukia oriotarrarentzat eta Ibon Ajuria gernikarrarentzat Txapelketa Nagusian lehendabiziko aldia izango da. Beste laurek probatua dute Txapelketa, baina ez gehiegi, bigarrenez arituko baitira lau urtetik behin izaten den hitzordu potoloan.
Iñigo Olaetxea lesakarra da, 34 urte ditu eta Nafarroako txapelketako finaletan askotan aritu izan da. Aurtengoan, esaterako, laugarren amaitu zuen. Berarentzat bigarren Txapelketa Nagusia izango da hau.
Ainhoa Agirreazaldegi izango da saioko neska bakarra. Elgetarra da sortzez baina Zarautzen bizi da. 31 urte ditu eta gazte mailako sari asko irabazi ditu. Egun, Hamaika Bertuteko kidea da. Bigarrenez arituko da Txapelketa Nagusian.
Iñigo Manzisidor Mantxi ere bigarrenez igoko da Txapelketa Nagusiko oholtzara. Zarauztarra da, 32 urte ditu eta Zarauzko Etxe-Beltz bertso eskolan irakasle dabil. Mantxi ere Hamaika Bertuteko kidea da.
Ibon Ajuriarentzat lehendabiziko Bertsolari Txapelketa izango da gaur Leitzan dastatuko duena. Gernikarra da, 32 urte ditu eta 2006ko Bizkaiko txapelketan finalista izan zen.
Xabier Sukiak ere lehendabizikoz probatuko du oholtza nagusia. Oriotarra da, 33 urte ditu eta Euskadi Irratiko «Hitza Jolas» bertso irratsaioaren zuzendari eta esataria da. Gai-jartzaileak jarriko dion lanaz gain, beste ariketa zail samarra ere izango du Sukiak; parte hartuko duen saioaren kronika eta errepasoa egitea irratian. Eta azkenik, Etxahun Lekue, Leitzako seikotea osatzeko. Hain juxtu, saioko gazteena izango da 29 urteko larrabetzuarra. Bizkaiko txapelketan azken lau ediziotan finalista izan da Lekue eta aurten bigarrenez parte hartuko du Txapelketa Nagusian.
Plaza dotorea Arriagakoa
Zestoatik Leitzara. Eta Leitzatik Bilbora. Arriaga antzokira. Plaza dotorea, dudarik gabe. Hitzordua bihar, igandea, 17.30ean. Hirugarren final-laurdenean bertsolarien adin tartea nahiko zabala izango da. Gazteenak, Maddalen Arzallusek, 18 urte ditu. Eta zaharrenak, Asier Otamendik, 38.
Otamendi erabat arabartutako gipuzkoarra da. Urretxuarra da sortzez, baina urteak dira Gasteizen bizi dela. Ohitua dago Arabako txapela janztera (bederatzi aldiz jantzi du) eta Txapelketa Nagusiko oholtza ere ezagutzen du. Aurten laugarrenez parte hartuko du.
Amaia Agirrek ere ezagun samarrak ditu Txapelketa Nagusiaren ertzak. 2005ekoan finalaurrekoetara iritsi zen. Gipuzkoako 2003ko txapelketan finalista izan zen eta 2007koan, finalaurrekoetara sailkatu zen. Billabonatarra da, 32 urte ditu eta hamaika bertso eskoletan dabil irakasle.
Julio Sotorentzat, berriz, lehenengo Txapelketa Nagusia izango da. Egungo Nafarroako txapeldunordea da 21 urteko gorritiarra. Bertsozale askok gogoan izango du Xabier Silveirarekin finalean jokatu zuen buruz buruko dotorea. Orduan erakutsitako tenplea Bilboko plazara eramaten asmatzen badu, ez da gaizki ibiliko.
Maddalen Arzallus izango da seikoteko gazteena. Donibane Lohitzunen jaio eta Hendaian bizi da, 18 urte ditu eta bertsolari familia ezagunekoa da. Iparraldeko txapelketan finalista izan zen eta oso lan polita josi zuen. Lehendabizikoz parte hartuko du Txapelketa Nagusian.
Bestelako esperientzia dauka Iñaki Zelaiak txapelketetan eta sariketetan, dezentetan aritua baita 36 urteko hernaniarra.
Eta zer esanik ez Jexux Mari Irazuk. Larrauldarrak hiru Txapelketa Nagusitan kantatu du eta bitan finalista izan da. 37 urte ditu eta azken hamar urteetan bertsolaritza eta kazetaritza uztartzen ditu bere bizitzan. Bera da, hain juxtu, Bertsoa.com bertso plaza digitalaren sortzailea.
Beste hiru final-laurden
Asteburu honetan jokatuko direnekin, dagoeneko hiru izango dira egutegitik borratu beharreko final-laurdenak. Eta beste hiru faltako dira finalaurrekoetan arituko den bertsolari zerrenda osatu ahal izateko. Uztaritzen, Zarautzen eta Laudion izango dira hurrengo hirurak. Final-laurdenetan guztira 36 bertsolari lehiatuko dira eta horietatik 17 pasatuko dira hurrengo fasera, saio bakoitzeko lehena eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera. Oraingoz Jone Uria gazte algortarra da txartela ziurtatuta duen bakarra.