GARA > Idatzia > Ekonomia

Helegitea aurkeztuko dute «opor fiskalak» legez kanpo utzi dituzten epaien kontra

Bizkaiko Aldundiak iragarri du helegitea aurkeztuko duela «opor fiskalak» legez kanpo utziz Luxenburgoko Auzitegiak iragan irailaren 9an emandako epaien kontra. Esan zutenez, ez da «kapritxoa», «zentzuz» jokatzea baizik.

GARA |

«Opor fiskalak» legez kanpokotzat jo zituzten epaien kontrako helegitea aurkeztuko dutela iragarri zuen atzo Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasuneko foru diputatuak, Batzar Nagusietan izan zen Ogasun eta Finantza batzordean.

Luxenburgoko Auzitegiak, pasa den irailaren 9an emandako ebazpenean, ez zituen aintzat hartu 1993ko «opor fiskalen» auziari buruz, 1996. urteko «opor fiskal txikiei» buruz, eta inbertsioen %45eko kreditu fiskalari buruz Europako Batzordeak hartu zituen erabakiak baliogabetzeko Bizkaiko Aldundiak aurkeztutako helegiteetan azaldutako argudioak.

Epai horiek, hala ere, ez dute eragin praktikorik, dagozkien arauak jada ez daudelako indarrean, eta enpresek itzuliak baitituzte jasotako dirulaguntzak.

Atzo, Batzar Nagusien aurrean hitza hartzean, Iruarrizagak gogorarazi zuen dirua itzuli beharra zuten 21 enpresek bete dutela agindutakoa. Zehazki, 96,3 milioi ordaindu zizkioten Bizkaiko Ogasunari, gehi beste 38,5 milioi berreskurapenaren interes gisa.

Iruarrizagak esan zuenez, epaiak aztertu ostean, Auzitegiaren erabakiaren kontrako helegitea jartzea erabaki dute, bai Ogasuneko Zuzendaritza Orokorreko zerbitzu teknikoak, bai Diputazioko zerbitzu juridikoak uste dutelako badagoela «nahiko eta funtsatutako arrazoirik» helegiteak aurkezteko.

PSEko eta EBko taldeak helegiteak jartzearekin bat ez datozela ikusita, Foru Ogasuneko diputatuak nabarmendu zuen, ez dela «kapritxoa», «zentzuzko jokaera» baizik. Bestalde, «zazpi aldiz irabazi dugu» gogoratu zuen Foru Ogasuneko arauen defentsan aurretik aurkeztutako helegiteen kasuan.

hiru erabaki

Luxenburgoko Auzitegiak ez zituen aintzat hartu 1993ko «opor fiskalei», 1996ko «opor fiskal txikiei» eta inbertsioen %45eko kreditu fiskalari buruzko epaien kontra aurkeztu ziren helegiteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo