OLINPIAR JOKOAK
Jacques Rogge NOBren buru da bigarrenez, eta 2013ra arte jarraituko du
GARA |
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) Jacques Rogge belgikarra izendatu zuen atzo bigarren aldiz beronen buru izateko. Roggek 2013ra arte jarraituko du 2001. urteaz gero betetzen duen postuan. Espero bezala, postu hori betetzeko beste hautagairik ez zegoelarik, Kopenhagen izaten ari den NOBren 121. bileran. Aldeko 88 boz jaso zituen eta aurkako bakarra. Italiako Mario Pescante eta Singapurreko Ser Miang Ng izango dira presidenteorde berriak.
«Asko dugu egiteko», aitortu zuen Roggek bozketaren ostean. «Garatze bidean dauden herrialdeen eta herrialde garatuen arteko kirol arloko parekotasunik eza murriztuko dugu; baita gizonen eta emakumeen artekoa ere. Kirola gizartearen zerbitzura jartzeko esfortzua biderkatuko dugu, kirolariak gizartearentzat eredu izan daitezen», gaineratu zuen.
67 urteko zirujau hau buru dela, Olinpiar Jokoak aurreneko aldiz Hegoamerikako herrialde batean, Rio de Janeiron alegia, egiteko erabakia hartu du NOBk. Horrez gain, Gazteriaren Olinpiar Jokoak ere eratu ditu. Hauek Singapurren 2010eko udan eta Innsbrucken, 2012ko neguan jokatuko dira.
Kirol berriak
Bestalde, Kopenhageko bilerak Olinpiar Jokoetarako kirol berri bi berretsi zituen: golfa, 112 urteren buruan Olinpiar Jokoetara itzuliko dena, eta zazpinako errugbia.
Golfaren kasuan zalantza nahiko izan zuten, NOBren batzar orokorrak 63 baiezko boz eman zizkion, baina aurkako 27 ere jaso zituen. Zazpinako errugbiak, aldiz, hamabosnako «anaia nagusiaren» ordezkoa hartuko du, 1900, 1908, 1920 eta 1924an olinpiar kirola izan baitzen. Zazpinako modalitatean jokoa askoz bizkorragoa da eta puntuazio altuak ikustea ohikoa da. Munduan hiru milioi pertsonak jokatzen du zazpinako errugbian eta 2007ko munduko txapelketan Hegoafrika nagusitu zen.