«Lea-Artibaik enplegu duina behar du, ez saltoki gune handirik», salatu dute sindikatuek
GARA |
Ondarroako Errenteria auzoan industrialde bat ezartzeko egitasmoa berreskuratu du bertako Udalaren ordezkaritza hartu duen «gestorak». ELA, LAB eta EHNE sindikatuek jakitera eman dutenez, 19 milioi inbertituko lituzkete 32 pabilioi eraikitzeko eta 400 lanpostu sortuko lirateke, betiere, propaganda ofizialaren arabera.
«Ondo dakigu zer dagoen propaganda horren atzean, orain 3 urte baino gehiago ezarri nahi izan zuten merkataritza gunea egiteko proiektuaren itzulera», salatu dute. Diotenez, «gestorak era faltsu batean makillatu nahi izan du bere informazioa», eta 400 lanposturen sorreraren iragarpena hizpide hartuta, «ez dugu inondik inora ikusten nondik sor daitekeen lanpostu kopuru hori», adierazi dute, saltoki gune handietan langileek izaten duten egoera prekarioa eta proiektu horrek ekarriko lukeen errealitatea kontuan hartuta.
Izan ere, lanpostuak sortzea baino, arriskua ikusten dute Errenteria auzoko tailerrek biltzen dituzten 60 bat langilerentzat, baita Lea-Artibai eskualdean dauden 300 denda txiki –300 autonomo eta 150 lanpostu zenbatu dituzte– zein baserritarrentzat ere. «Azken 10 urteotan baserritarren kopurua erdira murriztu da», eta egun eskualdean 100 baserritar inguru baino ez dela geratzen nabarmendu dute.
«Interes sozialik ez»
ELA, LAB eta EHNEren ustez, proiektuak ez du inolako interes sozialik, eta bai bestelako interesik eraikuntza eta kudeaketa lanetan arituko diren enpresentzat, «eta noski proiektua aurrera eraman nahi duen ‘gestorarentzat’».
«Lea-Artibain ez da merkataritza gune handirik behar, bai ordea enplegu duinarekin lotura duen industria sare sostengarri bat», nabarmendu dute Eroski Ez plataformako kide diren hiru sindikatuek.