Josu Gotzon LANDETA I Irakaslea
Rudolf eta 500.000 euroak
Rudolf izeneko gizatxarra jarri zuten buru eta, bere txakurrak lagun, kartzeletan zeuden ipotx haien irudi eta oroigarriak erauzten hasi zen
Behinola Europako herri txiki batean ipotx batzuk bizi ziren, ipotx txiki-txikiak, munduan ikusgaitzak eta askorentzako ezdeusak zirenak. Zazpi mendetan zehar, alboko herri handietatik heldutako gizatxar batzuek gizaki ezdeus haien jabe egin guran ibili ziren, eta oraindik ipotxago egiteko ahaleginean gerrak, genozidioak eta bazterketa sistematikoak jarri zituzten indarrean.
Alabaina, ipotxak ez ziren desagertzen, eta inoiz ere jazarpen horiek kontrako efektua lortzen zuten, hau da, ipotxak handiago, ikusgarriago egiten ziren. Denbora luze hartan ipotx sendo haiek ezin menderaturik eta haien gaineko jabetza galtzeko arriskuan zebiltzala, gizatxarrek harreman modu berri bat asmatu zuten: euren herriaren zati batean autonomia zeritzon sistema, haien hitzetan demokratikoa, jarri zuten indarrean, era horretan ipotxek euren menpean eroso biziko zirelakoan.
Egun haietan, jakintsu askok herri haren gaitz endemiko hura amaitu zela iragarri zuten, eta bai handiek bai ipotxek euren askatasuna bermaturik izango zutela baieztatzen zuten. Ipotx askok ere hura sinetsi, eta gizatxar haienganako konfiantza itsua izan zuten, baina gehienek tristeziaz eta amorruz ikusten zuten lege berri hura mendeetako mendekotasuna luzatzeko beste amarru bat baino ez zela, ezen sistema hark herri gisa burujabe izateko biderik bermatu barik askatasun desio haiek gogorki zigortzen zituen.
Egunak aurrera joan ahala, ipotx haiek euren haserrea adierazten hasi ziren, batzuk bide samurretatik, bide gogorretatik besteak. Berriz ere borroka piztu zen, eta ipotx gazteenak gizatxarrei zizta eta zizta zebiltzala, kartzelak emakume eta gizon borrokalariz bete ziren. Urteen poderioz, jazarrien zerrendak ugaldu zirelarik, herri txiki hartako kaleak eta plazak errepresaliatu haien irudi eta oroigarriez bete ziren. Edozelan ere, gizatxarrek behin eta berriz ukatzen zuten herri hartan inor zapaldurik zegoenik, eta biktima haiek borrero bihurtu guran hedabide kanpaina erraldoia eta gerra zikina zabaldu zuten. Demokrazia kolokan zegoela sinetsaraziz, gobernu autonomoan zeuden ipotx askoren kolaborazioa eskatu zuten, bai eta lortu ere, sistema faltsu hartan ateratzen zituzten mozkinak galtzeko beldurrez.
Baina hura nahikoa ez zela, halako batean gizatxarrek gobernu autonomoaren jabe egitea deliberatu zuten, eta herriak emandako bozei muzin eginez boterean jarri ziren. Haien aburuz, ordura arte gobernu autonomoa euren biktimak goratu barik, beste aldera begira ibili zen, eta lehentasun gisa euren aldeko defentsa jarri zuten, gobernu autonomoak egin ez ei zuena. Hartarako Rudolf izeneko gizatxarra jarri zuten buru eta, bere txakurrak lagun, kartzeletan zeuden ipotx haien irudi eta oroigarriak erauzten hasi zen.
Uda oso batean irudi haiek ezabatzeko zuen grinak mugarik ez zuela-eta, Rudolfen txakurrak ohiko lokaletan ez ezik, etxe partikularretan ere sartu eta kalean pegatinak zeramatzan norbanakoak ere jazartzen eta jipoitzen zituzten. Jokabide setati hura egunetik egunera areagotuz zihoan, eta Rudolfen grina hura gaixotasun bihurtu zen. Hala ere, berak jakin bazekien dinamika hartan goiz ala berandu jendeak gaixotzat hartuko zuela, eta hura ekiditeko herri txiki hartako udalerrien batzordearekin, oraindik lehengo ipotx eraldatuen esku zegoena, akordio bat sinatu zuen: 500.000 euroko dirulaguntza jasota, kaleetatik irudi eta oroigarri haiek erauziko zituzten. Esan beharra dago lehengo gobernu autonomokoek Rudolfen politikarekin kritiko agertu zirela, baina denok dakigu otsoak ez duela otsokirik jaten, eta elkarri laguntza emanez ardia jatea zutela helburu, ipotx matxinatuak jatea kasu honetan.
Orain, irakurle hori, ipuinaren amaieraren zain egongo zara. Ipuin honek, ostera, ez du amaierarik, zoritxarrez zazpi mendeko amesgaiztoak bizirik dirauelako, tristezia eta amorrua sortzen duten atalen errenkada lohiaren gainean agerian eta igerian. Azken apustua 500.000 euro eskainiz egin da, gorrotoa zabaltzeko euroak, sufrimendua luzatzeko euroak, baina azken batean ipotx baztertu eta desagertu haien oroimena ezabatzeko balioko ez duten euroak.
Egunen batean Rudolfek boterea utziko du. Agian beste Rudolf batzuk, beste txakur batzuk izango dira, baina ipotxekiko maitasunak herri txiki honen oroimen kolektiboan iraungo du, eta maitasun horrek kartzeletatik etxera ekarriko ditu. Mundu osoan ez dago hori ekiditeko nahikoa dirurik.