GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega desafioa

Mitxelena eta Alemaniako txapelduna, aurrez aurre

Alexander Schmiten izango du aurkari oiartzuarrak gaur arratsaldean Zaldibian.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA |

Euskal Herriko eta Alemaniako segalarien arteko dema izango da gaur ikusgai Zaldibian 18.00etatik aurrera. Proba ezberdinak ikusi ahal izango dira, baina denetan erakargarriena Bixente Mitxelenaren eta Alexander Schmitenen arteko desafioa izango da.

Alemaniako txapelduna izango du gaur aurrez aurre Mitxelenak. 19 urte ditu Schmitenek, eta denak txundituta uzten omen ditu. Gaurkoan, ordea, alemaniarrak normalean egiten duena baino lan luzeagoa izango du, izan ere bakoitzak 400 metro karratuko sailak ebaki beharko ditu.

Euskal Herriko erara ohituta dauden segalarientzat lan honek oso laburra izaten jarraitzen du, baina alemaniarrentzat nahikoa luzea izango da, haiek ez baitaude lantegi hauetara ohituta. Beraz, Mitxelena da faborito, baina badaezpada ere bere onena eman beharko du. Baina ez da hau bakarrik izango ikusgai Zaldibian. Nesken torneo bat ere jokatuko baita, eta bakoitzak 35 metro karratuko sail bat moztu beharko du. Taldeka ere lehiatuko dira Euskal Herria eta Alemania, baina hauek gizonezkoetan, eta gaztetxoen erakustaldi bat ere izango da bertan. Saioa herriko plazaren ondoan jokatuko da, beraz bertara doazenek ez dute inongo galbiderik.

Harri-zulatzen, berriz, Euskal Herriko taldekako finala jokatuko da bihar Gallartan, 13.00etatik aurrera Meatzari museoaren inguruan. Bertan, Txorierri, Gallarta, Burdin Gazteak, Kabiezes, Errekatxo, KZ Kolpeka Jaizubia eta Altzo neurtuko dira.

Txorierrik irabazi du Euskal Herriko Liga, eta Jaizubiak, berriz, Gipuzkoakoa. Bi hauek dira askoren ustez faboritoak, baina gipuzkoarrek Euskal Herriko Liga jokatu ez dutenez, ez dira aurten elkarren aurka neurtu.

Bestetik, gaur, 16.30etik aurrera, Jutsin jokatuko da Jutsiren eta Urruñaren arteko desafioaren bigarren zatia. Joanekoan Urruñak irabazi zuen, eta gaurkoan ere faboritoak dira.

Sokatiran, zaku-lasterketan, Marmitetan, lokotxetan, aizkoran eta trontzan lehiatuko dira.

Bizkaiko finalak

Bizkaiko hiru txapel erabakiko dira astelehenean Basaurin 12.00etatik aurrera jokatuko den jaialdian. Emakumezkoen eta gizonezkoen herrialdeko finalak jokatuko dira trontzan, eta gizonezkoen aizkolarien binakakoa ere bertan geratuko da erabakita.

Trontzan, nesketan, Etxeberria-Etxeberria eta Baier-Larrañaga neurtuko dira. Mutiletan, berriz, Ardeo-Pujana, Intxaurbe-Olibares eta Arana-Arana. Lehen finala orekatua iragartzen den bitartean, bigarrenean Intxaurbe eta Olibares agertzen dira txapela eramateko faborito bezala.

Aizkolarien Binakako finalean, berriz, Atutxa aita-semeak, Bihurri-Zelai, Mendieta-Garcia, Lekue-Oregi, Goitia-Larrabe eta Larrea-Aldape neurtuko dira.

Atutxatarrak agertzen dira faborito nagusi bezala. Semea da Bizkaiko txapelduna, eta Euskal Herrikoan ere Lehen Mailara igo da. bere aitaren babesean, zaila izango da bi horiek mendean hartzea. Hala ere, bikoak nahikoa orekatuak dira, eta beti egoten da ezusterako atea zabalik.

Euskal Herriko finalaren berririk ez dago

Euskal Herriko aizkolarien Lehen Mailako finala izaten da urtean aizkolaritzak izaten duen egunik handienetakoa. Normalean tenore honetan izaten da finala, baina oraindik ez dago ez lekurik, ez datarik, ez finalerako, ezta kanporaketa jokatzeko ere. Zaleen eta kirolarien egonezina ere nabarmena da, baina aurrekontua ere handia da, eta horiek jokatzeko lekua bilatzea ere ez da lan samurra.

Txapelketa jokatuko ez denaren zurrumurruak ere zabaldu dira, baina pentsatzekoa da azkenean jokatuko dela, izan ere horixe da alde guztiek nahi dutena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo