Autobideko zarata neurtzeko eskatuz, Urruñako herriko etxea hartu dute auzokideek
GARA |
A63 autobideko auzokideek eta Herritarrak plataformako hautetsiek Urruñako herriko etxea okupatu zuten atzo arratsaldean. Auzapezak autobidearen ondoan eratzen den zarata neurtzeko probak egingo dituela hitzematea eta idatziz jasota uztea lortu nahi zuten horrela.
A63aren zabalkuntza dela-eta uztailaren 21ean Mendi Xokoko auzokoek autobidea kudeatzen duen ASF konpainiako eta Herriko Etxeko ordezkariekin bilkura izan zuten. Bi erakundetako ordezkariek soinu neurketak egitea hitzartu zuten bertan. Joan den astean ASFk sei neurketa egin zituen. Bestalde, Herri Elkargoak gutun bat igorri zuen halako neurketarik ez zutela egingo esanez. Hori dela-eta, auzokideek mobilizazioak egitea erabaki dute probak egin daitezen.
Neurketon emaitzek zarata auzoetara barreiatzea eragozteko azpiegiturak eskatzeko baliabideak eskainiko dizkiete bizilagunei.