GARA > Idatzia > Kultura

«Denbora gehiago ukan balu, gauza eder anitz eginen zituen bertsolaritzan»

Domingo ARRANBIDE I Urepeleko auzapeza xalbadorren garaian

Gaur eta bihar ospatuko dira Urepelen Xalbador egunak. Bertsolari ezagunari omenaldia egiteko ospatzen den besta honetan, urtero legez, Domingo Arranbide han izanen da. Deiadarra eta Euskaltzaindiak antolatzen duten ekimenean besta giroa izanen da nagusi, horrela gaur musika izango da protagonista eta bihar Xalbadorren etxolarako ibilbidearekin hasiko da eguna, bukaera bertsotan egiteko.

p041_f02_199x88.jpg

Gaxuxa ARRANBIDE |

Fernando Aire Etxart Xalbador nor izan zen hobeki ezagutzeko parada eskaintzen digu Domingo Arranbidek. Biak adin berekoak eta urepeldarrak izanik, ongi ezagutu zuten elkar. 1976an, Xalbador zendu zenean, omenaldia antolatu zion herriko auzapeza zen Domingok.

Nor zen Xalbador?

Xalbadorreinian sortu zen, Urepelen eskolatua izan da eta bere bizia hemen emana du. Hemen jendea etxearen izenarekin deitzeko usaia bada, eta horregatik egun denek ezagutzen dugu Xalbador izenarekin. Hamaika urterekin, eskola utzi behar izan zuen etxean aritzeko lanean. Gu bezala artzain bat zen, bere bizimodua artzaingoan egin duena.

Artzaina bai, baina bertsolari gisa ezagun bilakatu dena...

Bere egunerokotasunean kantuz aritzen zen beti lanean, auzolagun zuen Jakaluzeneako Manexekin. Elkarrekin bertsotan aritzen ziren, zirikatzen. Lehenik, Euskal Herriko beste herrietan agertu aitzin, hemengo ostatuetan aritzen zen bertsotan. Erran behar dut, bertso on eta gaiztoak egiten zituela. Hots, bere mihia ez zuen sakelan atxikitzen eta pentsatzen zuena erraiten zuen, denen gustukoa ez bazen ere. Bere egiak, bere sentimenduak kantatzen zituen artzain gisa entzuten genion, Euskal Herrian barna txapelgoetan ibili aitzin.

Adina gorago joan eta trebatzen ari zela ohartzen zen. Beti hobeki egiten entseatzen zen gogoz eta bihotzez, besteengan zerbait piztearen esperantzarekin. Baina, ez zen bertsolaritzatik bizitzen, artzaingoaz baizik, eta bere baserriko lanez ezin zen hala libratu. Ene ustez, denbora gehiago ukan balu, oraindik gauza eder gehiago eginen zituen bertsolaritza mailan.

Zure ustez zerk egin du oraindik hainbeste fama izatea?

Gizon herabea zen, edo bederen sentimenduak ez zituen erraz botatzen. Bertsoekin bere barrenak husten zituen, bere burua bortxatzen zuen sentimenduak libratzen. Hartan da ageri gizona zer klase den. Badakizu, zure sentimendu edota pentsamenduetatik kanpo gezurretan ezin zira luzaz aritu. Halako bertso sentikorrak botatzeko barnetik etorritako hitzak besterik ezin dira izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo