Elorriagak berrikuntzaz bete du «Londres kartoizkoa da» liburua
Bere erroei eutsi arren, berrikuntza osoa eman dio Unai Elorriagak atzo aurkeztu zuen bere azken liburuari, bai gaiaren aldetik, bai idazkeraren aldetik. Diktaduraren osteko gizarte baten egoera kontatzen duela esan du orain arte hiru eleberri kaleratu dituen idazleak.
GARA |
Aurretik argitaratu dituen lanetik urrundu da, oraingoan, Unai Elorriaga idazlea. Estiloa eta jorratutako gaiak berriak dira idazlearen ibilbidean. Elkar-en argitaratu duen «Londres kartoizkoa da» lan honetan, Phineas protagonista aurki daiteke, arratsaldero bere lagunekin hamazazpigarren teilatura igotzen dena. Non kokatutakoa den litzateke, hala ere, garrantzitsuena, «erabat amaitu ez den diktaduraren ondorengo garai lanbrotsuan» gertatzen baita. Idazleak argitu nahi izan duenez, gizarte horren egoera azaltzen du nobelak, neba-arreba batzuen istorioaren bitartez -neska aspaldi desagertu zen- «ze diktadura mota egon den eta diktaduraren ostekoa zelakoa izan den», azaldu nahi du Elorriagak, bere hitzetan.
Idazleak ez du, hala ere, diktadura jakin batez hitz egin nahi. «Argi neukan diktaduraren esentziari buruz hitz egin nahi nuela». Honen sorburua, gainera, Elorriagak egindako hausnarketetatik dator, haren aburuz, «oso merkea» baita diktadura bat sortzea eta pasatzea.
Bitxia da, bestalde, teilatuek duten garrantzia. Lehenik eta behin, egileak liburuko gizartea berezi nahi zuen eta horretarako teilatuetan biltzen den herri bati buruz hitz egiten du. «Diktadurak ez ditu teilatuak kontrolatzen» eta gainera, leku horretatik, «beste ikuspegi bat dago, mundua beste modu batera ikusten da».
Aurretik hiru eleberri kaleratu ditu Algortakoak: «SPrako tranbia», Narratiba Saria irabazi zuena, «Van't Hoffen ilea», Igartza sariaren irabazle eta «Vredaman». Samurtasuna nagusitzen zen orain arte haren liburuetan; baina oraingoan gai gogorrak landu ditu, torturaren eta desagertuen ingurukoak esaterako, eta idazkera ere nabarmen aldatu da. «Literaturak daukan baliorik handienetako irakurlea harritzea da», azaldu du Elorriagak.
Kaleratu berri den lan hau hiri bateko teilatuetan kokatzen da, bereziki. Elorriagaren ustez, mundua beste modu batera ikusteko parada eskaintzen du horrek, gizartearen berezitasun zeinu izateaz gain.
Hiru eleberri argitaratu ditu Elorriagak aurretik. «SPrako tranbia»rekin Narratiba Saria irabazi zuen, «Van't Hoffen ilea»rekin Igartza jaso zuen eta azkenik «Vredaman» izan zen kaleratutako azken lana.