Estatu espainolean, beste inon ez bezala, bake proposamenak zigortzen saiatzen dira
Honezkero ez da harrigarriegia gertatzen Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarez auzitara eramatea erabaki izana, Auzitegi horrek harritzeko gaitasuna galarazten tematuta dirudi eta. «Terrorismoa gorestea» egotzi die ezker abertzaleko hiru kideei 2004ko azaroaren 14an Donostian bake eta normalizazio prozesuari heltzeko proposamena aurkezteagatik, Ermuko Foroaren salaketa aintzat hartuta.
Gogoratu beharra dago Anoetako belodromoko ekitaldian aurkeztutako proposamenak akordiorako bi esparru zehaztu zituela, bata euskal eragileen artekoa, herritarrek nahi duten egoera politikora iristeko aukera emango lukeena, eta bestea ETAren eta espainiar eta frantziar estatuen artekoa, gatazka desmilitarizatzeko baldintzen gainekoa. Orduan bezala gaur egun ere euskal eragile askok, eta ez ezker abertzalekoek soilik, prozedura berbera proposatzen dute. Anoetako ekitaldi hura goitik behera bake proposamena izan baitzen, Euskal Herrirako bake eta normalizazio proposamena, eta Euskal Herrian ez ezik, hemendik kanpo ere txalotua izan zen horrexegatik, hain zuzen, euskal gatazka modu baketsu eta demokratikoan gainditzeko bidea zehaztu zuelako.
«Terrorismoaren aurkako borrokak», ordea, badu helburu nagusi bat, aitorrezina, baina gero eta agerikoagoa. Urteetan hitzetik hortzera ziurtatu ondoren indarkeriarik gabe, bide demokratikoari helduta, edozein helburu bidera litekeela, azkenaldion, antza denez, kontua ez da biolentzia -halaxe aurreratu zuen Rubalcabak aspaldi ez dela, esanez ezker abertzaleak, biolentzia gaitzetsita ere ezingo lukeela hauteskundeetan parte hartu-. Eta, ikusitakoak ikusita, lehen ere helburua ez zuten biolentzia amaitzea, baizik eta euskal herritar gehienek nahi duten proiektua gauzatzeko aukera eragoztea, Euskal Herrian baldintza demokratikoak izango balira gauzatuko litzatekeen proiektua independentziaren aldekoa izan litekeelako.
Bitxia da, nolanahi ere, Otegi, Permach eta Alvarez epaitzeko erabakia -bake proposamen bat «terrorismoa goresteagatik» epaitzeko erabakia, alegia- atzo iragarri izana, aurtengo Bakearen Nobel saria nork jasoko duen jakinarazi zuten egun berean. Izan ere, gogoratzea komeni da, esate baterako, 1994an Jasser Arafat palestinarrak, Isaac Rabin eta Simon Peres israeldarrekin batera, bakea lortzeko ahaleginengatik jaso zuela sari hori. Zoritxarrez ahalegin haiek ez zuten Palestinan bakea lortu, baina normalagoa dirudi bake proposamenek sari bat jasotzea zigorra jasotzea baino. Izan ere, bake proposamen bat «terrorismoa goratzea» dela esanda epaitzen duen estatu bakar bat ere ez da munduan. Estatu espainola izan ezik, jakina.