GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier IZAGA I Irakaslea

Txakurrak jauregia utzi behar duenean

Normala iruditu zait Obamari Bakearen Nobel saria eman izana. Ez da ohikoa Barack Obamari ez beste inori Nobel saria ematea, baina bai normala eta ulergarria. Argi ez dagoen gauza bakarra da Iraketik estatubatuar soldadu ugari ateratzeagatik edo soldadu horiek eta gehiago Afganistanera eramateagatik eman dioten. Atzoko albiste horrek garrantzi ukaezina badu ere, hunkigarriagoa iruditu zait lehengoan entzun nuen beste bat. Horra.

Jacques Chiraken txakurra Estatu frantseseko presidente ohiaren familiaren lagun batzuen granja batean bizi da egun. Hara bidali zuten Chiractarrek, presidente ohiari kosk egin ziolako, bi aldiz kosk egin ere. Ulertzen dut Chirac sendia, baina Sumo bera ere bai, hala baitu grazia txakur dohakabeak. Eliseoa utzi ondoren, Hariri familia libanoarrak Senaren ertzean duen duplexera joan ziren bizitzera denak. Ez ziren hilaren amaierara ailegatzen, nonbait, Jacques gizajoak jasotzen dituen sosekin eta adiskide libanoarren duplex ziztrinera jo behar izan zuten. Bernadette Chiracek argi asko azaldu zuen Sumoren jarreraren zergatia. Ez zen goseak eragina izan, ez horixe, Chiractarrak, txiroak izanda ere, egunero-egunero emango zioten-eta jaten. «Eliseoan zoriontsua zen», azaldu zuen Bernadettek, txakurraren depresioa -eta ausikiak- ondo justifikatuta utzita.

Ohikoa da -kasu honetan bai- txakurrak presidentetza egoitza utzi behar dutenean deprimitzea. Izan ere, George W. Bushen txakurrak ere kosk egin baitzion bere jabeari, Etxe Zuritik atera arte ere itxaron gabe. Nolanahi ere, Barneyk depresioak jota egon behar zuen ordurako, Georgeren agintaldiaren amaiera sumatuta. Eta depresio handia izan behar zuen, gainera, Bushek eskaini zion konfiantza horrela ordaintzeko, Etxe Zuriko maizterrak arazorik labainenak erabaki baino lehen Barneyren iritzia entzun ohi zuen eta. Behin esan zuen ez zuela Iraketik alde egingo, ezta bere emazte Laurarekin eta Barneyrekin bakarrik geratuko balitz ere. Azkarra beraz, Barney, jabea baino azkarragoa seguruenik, eta kabroia, baina, neurri batean behintzat, haren zordun da Barack Obama, emango dioten sariagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo