GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteen aurkako epaiketei independentziaren aldarriarekin erantzuteko deia egin dute Markinan

GARA |

Datorren astean Auzitegi Nazional espainolean epaituak izango diren Lea-Artibaiko gazteak babestu eta epaiketa honekin zigortzen dena «independentzia eta sozialismoaren aldeko militantzia» dela salatzeko herrialdeko manifestaldia deitu dute gazte independentistek datorren ostiralerako Markinan.

Segi gazte erakundeko kideak izatea leporatuta epaituko dituzte zortzi gazteak. Gertaera hauek ez dira, ordea, «berriak ezta bakarrak ere», gazte independentisten eledun Gaizka Likonak adierazi bezala, eta egoera berdinean diren Donostiako, Burlatako, Iruñerriako, Barakaldoko edota Oarsoaldeko gazteak izan zituen gogoan.

Sarekada eta epaiketa hauen mugarria Auzitegi Gorenak 2007an Segi terrorista izendatu izana dela azaldu zuen, eta razzia polizialok ezker abertzalea «suntsitzeko helburua» dutela. Finean, «independentziaren aldeko borroka epaitzen» ari direla deritzote, eta beraz, «epaiketa politikoa izanik, erantzunak ere politikoa» izan behar duela sostengatu, eta independentziaren aldarrikapena hedatzeko deia egin zuten Likonak eta epaitua izango den Ainhoa Pagoaga markinarrak.

Epaiketari erantzuteko, elkarretaratzeak antolatu dituzte 13rako, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko epaitegien aurrean, azkena, ordea, debekatu egin dute baimena hamar egun lehenago ez eskatzeagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo