KRONIKA | Berostegiko erresistentzia gunea
Egindako baso mozketari erantzunez, 17 zuhaitz landatu
Argazkia! Jarri goapo!», ohartarazi zuten bide ertzetik hainbat ertzain euren autotik atera, eta Be- rostegin Abiadura Handiko Trenaren aurkako erresistentzia gunean zeudenei argazkiak ateratzen hasi zirenean. Hamaika egun bertan egon ondoren, «Zuhaitzetatik kalera» Euskal Herriko beste hainbat herritara zabalduko dute protesta deigarri hau.
Janire ARRONDO I
Irailaren 28az geroztik hiru pagotatik zintzilik egon ondoren, atzo eman zioten amaiera Itsasondo eta Legorreta artean egin duten AHTren aurkako erresistentzia ekintzari. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 25 lagun izan dira zuhaitzetan. Orain, AHT Gelditu! Elkarlanekoek adierazi zutenez «zuhaitzetan egindako erresistentziarekin, kalean jarraituko dugu». Beraz, Elkarlanekoak ziurtatu zutenez, AHTren aurkako borrokan dabilen Euskal Herriko beste herriren batek jarraituko du ekintzarekin. «Azpiegitura suntsitzaile, xahutzaile, antiekologiko eta antisozialaren gaitzak jotako herriei ekintza honen lekukoa eskaintzen diegu», adierazi zuten.
Atzo Berostegin bertan eginiko agerraldian proiektu horren aurkako ekintzaileek azaldu zutenaren arabera, «horrelako azpiegitura txikitzaile eta xahutzaileek, gure mendi eta basoe- tan eragiten dituzten kalteak salatzea izan da ekintzaren xedea». Horrela, «hamaika egun iraun dituen erresistentzia eta desobedientzia ekintzak, AHTren lanak gelditu eta atzera- tzeaz gain, herri honetan eraikuntza lanei ekiterakoan gertatu ohi den zigorgabetasuna salatzen aritu gara», azaldu zuten.
17 urte eta 17 zuhaitz
Berostegiko ekintzari amaiera emateko zuhaitz landaketa egin zuten atzo AHTren lanetarako baso-mozketa egin zuten leku berean. Zehazki 17 zuhaixka aldatu zituzten, AHTren aurkako borrokan daramaten urte bakoitzeko bat.
Bestalde, herenegun Gernikako Arbolan eginiko ekintzari erreferentzia eginez, hango haritzaren sei ezkur erein zituzten, Goierrin AHTk kaltetu eta kaltetuko dituen herri bakoitzeko bat. Hain juxtu ere, Nafarroako lerroa Gipuzkoarekin lotzeko tartean izango diren herriak kontuan hartu gabe, Legorreta, Itsasondo, Ordizia, Beasain, Ormaiztegi eta Ezkio-Itsaso dira proiektu honek zuzenean kaltetuko dituenak, bestalde Olaberriak ere jasango du kalterik bertan egingo baita zabortegia.
Nabarmena izan zen, bestalde, atzo goizean Ertzaintzaren presentzia. Soilik prentsa agerraldiak eta zuhaitz landaketak iraun zuen bitartean, bizpahiru aldiz igaro zen lekutik Ertzaintzaren patruila bera. Parean gelditu eta autotik aterata, gainera, argazkiak ateratzeari ekin zioten poliziek.
Ez du etenik...
Horrelakoak etengabekoak izan dira irailaren amaieran hainbat ekintzaile zuhaitzetara igo zirenetik. Inguruko baserritar eta bizilagunak ere behin baino gehiagotan kexu agertu ziren, «miaketak eta jarraipenak sufritu behar izan ditugu», azaldu zuten. Era berean, esker onez agertu ziren euren lurretan egingo duten «suntsiketari» aurka egiteko horrenbeste jende hurbildu delako bertara.
Hain zuzen ere, irailaren 28an bertan hasi ziren Berostegin Zubin erreka inguruan zuhaitzak mozten. Hiru egun lehenago egin zituzten markatze lanak, eta lurjabeek uste zuten arren lanak hasterako eurekin kontrastatuko zutela zein lur zati hartuko zituzten, ez zen halakorik izan.
Horrela, baso mozketarekin hasi bezain pronto, Aitor Esnaola lurjabeetako batek ohartarazi zuen desjabetzeak ez zeudela «behar bezala» eginda. Eurek nahi zutena zen desjabetze aktak, legeak eskatzen duen gisan, lurretan bertan sinatzea, «benetan zein lur eremu hartuko duten ikusteko», eta horretarako aukerarik izan ez zutenean, helegiteak aurkeztu zituzten. Oraindik, ordea, ez dute erantzunik izan, eta ez dute ezer sinatu, ezta lur horien truke tokatzen zaiena kobratu ere.
Hala, zuhaitzetara igo eta lehen hiru egunetan langileak lanekin jarraitzeko asmotan agertu baziren ere, ekintzaileek haiek gelditzea lortu zuten. Horrela, azken astean ez dute baso mozketarekin jarraitu.
AHTren aurkako erresistentzia ez da, ordea, Berostegin amaitu. Datorren asteartean, bertan, Tolosan epaitegien aurrean elkarretaratzea egingo dute, bertan Goierriko bost gazte epaituko baiti- tuzte AHTren aurkako ekintza batean parte hartzeagatik. Datorren larunbatean, bestalde, arratsaldeko bostetan, Baionan egitekoa den manifestaziora joateko deia egin zuten.