GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren beharrari eusten dioten trenbidearen berriztapenak

Idoia ERASO |

Hendaia eta Baiona lotzen dituen trenbidea berritzen ari da Frantziako Trenbide Sarea (RFF). Burdinbidea bera eta inguruko osagaiak baino ez dira berritzen ari 2010eko otsailera arte iraungo duten lanetan. Trenak bideratzeko seinaleak eta segurtasunari dagozkion sistemak ez dituzte aldatuko.

AHTren bide berria eraikitzearen aurka dauden elkarteek aldarrikatzen dute egungo bidea erabat berritu behar dela, azpiegitura berririk eraiki behar ez izateko. Dagoena behar bezala berrituz gero, tren kopuru handiagoa hartzeko aukera izango luke, eta ez legoke zer- tan bide berria eraiki.

Lanak aurkezteko bisita antolatu zuen atzo RFFk, eta AHTren bide berriaren premia aldarrikatu zuten erakundeko zuzendaritzakoek. Hego-mendebaldeko egitasmoen zuzendari Christian Maudetek adierazi zuen pentsaezina dela penintsularen mendebaldea eta Eu- ropa lotzeko ardatz bakar bat izatea.

Bildutakoen artean Urruñako auzapezak AHTren bidearen kontrakoei eman zien hitza: «Trenbidea berritzeko eskatzen jarraituko dugu», erran zuen Audile De Coralek.

Kilometro bat egunean

Trenbidea berritzeko teknikak normalean kilometro bat aurreratzen du eguneko, nahiz eta Euskal Herriaren kasuan, 750 metro inguru den. Tren berezi bat arduratzen da materialen ezarpenaz eta kentzeaz.

RFFko zuzendaritza- koen arabera, berritze lan horiek derrigorrezkoak dira, segurtasun, erosotasun eta prestazio mailari eutsi ahal izateko. Behin lanak bukatuta, trenak orduko 110 eta 130 kilometroko abiadura hartu ahalko luke.

Lanak egin bitartean trenbide bakarretik bi norabideetako trenak pasako dira, eta zenbait zerbitzu kendu behar izan dituzte. Parisetik datozen TGVak mantendu arren, merkantzia tren batzuk kendu dituzte. Eskualdeko ibilbidea egiten duten hogei tren, autobusez ordezkatu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo