Armeniarrak itxaropentsu daude, Turkiarekiko muga noiz irekiko duten zain
Turkiaren eta Armeniaren arteko harremanak garratzak izan dira 1915etik 1917ra bitarteko genozidioa dela-eta. Horiek normaltzeko asmoz, hitzarmena sinatuko dute gaur Zurichen, Suitzan. Armeniarrak ezinegonez eta itxaropentsu daude orain, mugaren irekieraren aurrean.
GARA |
Otomandar Inperioaren gainbeheran, otomandarrek milioitik gora armeniar hil zituzten 1915etik 1917ra bitartean, erreinuaren segurtasunerako mehatxua zirelakoan. Armeniarrek gertaturikoa genozidio hutsa izan zela salatzen dute. Estatu frantsesak, Kanadak eta Estrasburgoko Legebiltzarrak ere hala deitu diote. Turkiak, berriz, genozidioa izan zena ukatzen du, bi aldeetan sarraskiak egon zirela argudiatuz. Bi herrialdeen arteko harremanak are gehiago ozpindu ziren Erevanek Azerbaijanen kokatutako Nagorno Karabakh eskualdearen independentzia babestu zuenean, 1993an. Azerbaijan herri musulmana da eta turkiera du hizkuntza ofiziala.
Horren ostean, Turkiak Armeniarekin duen muga itxi zuen, harik eta soldadu armeniarrak bertatik joan arte.
Badirudi, ordea, harremanak onera egiteko bidean daudela orain. Gaur zenbait hitzarmen sinatuko dituzte Zurichen, Suitzan, Errusiako Kanpo Harremanetarako Ministerioaren bozeramaile Andrei Nesterenkok aditzera eman zuenez.
Herritarrek, bien bitartean, itxaropentsu hartu dute mugaren irekiera. «Aspalditik espero dugun zerbait da. Jendea prestatzen hasi da muga irekitzen dutenerako», esan zuen Jora Aleksanianek. Bere etxea mugatik 200 kilometrora dago, Margara herrian. «Ez dakigu zer dagoen mugaren beste aldean, ez baitugu inolako komunikabiderik. Interesgarria litzateke gure bizilagunak nola bizi diren jakitea», gaineratu zuen.
Khatchatour Assatrian alkatearen hitzetan, «muga zabaltzen badute, lanpostu berriak sortuko dira; aduana zerbitzuak, jatetxeak, kafetegiak, dendak. Onuragarria izango da guretzat».
Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Erevanek esportazioak -kobrea, barazkiak edota fruituak- areagotuko ditu.
Nagorno Karabakhen auzia konpontzeko, Armeniako eta Azerbaijaneko presidenteek Moldavian egindako bilera baliagarria izan zela adierazi zuen Erevanek.