HEINEKEN CUP
Biarritzek Eskozian ekingo dio lehiaketari
J.L. | DONOSTIA
Heineken Kopa abian jarriko da asteburu honetan, eta Biarritzek hasteko Eskozian jokatuko du, Glasgow taldearen zelaian, gaur 16.45etik aurrera. Gloucester, Ingalaterrakoa, eta Newport, Galeskoa ere lapurtarren multzo berean daude.
Gustuko lehiaketa da hau zuri-gorrientzat, ongi moldatu izan baitira, nahiz eta joandako azken denboraldietan ez duten nahi izandakoa lortu, baina hori bera gertatu izan zaie Ligan ere.
Lehiaketa hau fase ezberdinetan banatzen da. Hasteko, ligaxka jokatuko dute, eta sei multzotan banatuta daude taldeak, eta bakoitzak launa talde izango ditu. Multzoko onenak final-laurdenetara sailkatuko dira, eta bigarren geratzen diren bi onenak ere bai. Final-laurdenetatik aurrera denek partida batera jokatuko dute; beraz, kanporaketa egun bakar batean erabaki beharko da.
Final-laurdenak etxean jokatuko dituzte sei multzoetako txapeldunak izan diren lau onenak. Beraz, hasieratik ahalik eta punturik gehien batzea oso garrantzitsua izango da.
Biarritzen helburua lehen fase hau gainditzea izango da, eta horretan saiatuko dira. Garrantzitsua izango da lehen partida irabaztea, horrek beti indarra emango baitie.
Lehiaketa hau une oso aproposean heltzen da zuri-gorrientzat. Une honetan sailkapeneko hirugarren postuan daude, eta azkenaldian garaipenak bata bestearen atzetik ari dira pilatzen.
Joko aldetik ez dute lan ikusgarria egiten, baina garrantzitsua garaipenak lortzea da, eta hor ez dute hutsik egiten, eta horrek itxaropena piztu du.
Jokalariei dagokionez, ez dute aparteko bajarik, eta dituen onenak zelairatzeko modua izango du Jean Michel Gonzalezek. Beraz, azkeneko jardunaldietan atera duen hamabostekotik oso aldaketa gutxi egingo ditu zuri-gorrien entrenatzaileak.