Euskararekiko konpromisoa berretsi du Euskaltzaindiak bere 90. urteurrenean
Iruñea, Gasteiz, Hazparne eta Bilbotik pasa ostean, Donostian egin zuen atzo Euskaltzaindiak bere 90. urteurreneko ospakizunen amaiera ekitaldia. Euskalgintzako eta hainbat erakundetako ordezkariak izan ziren bertan. Andres Urrutia euskaltzainburuak hiru ardatzetan sailkatu zituen hartu beharreko konpromisoak: kudeaketa, ikerketa eta harremanak.
Ane ARRUTI |
Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen jauregian egin zuen Euskaltzaindiak bere lehenengo lan bilera 1919an. 90 urte geroago, bertan elkartu ziren atzo Euskal Herriko kulturgintzako eta hedabideetako ordezkariak, Euskaltzaindiko kide eta langileak, baita Euskal Herriko herrialdeetako zein Estatu espainoleko agintariak ere. Atzera begiratzeko eguna izan zen, ordura arte egindakoak gogoratzeko, baina aurrera begiratu eta helburuak finkatzekoa ere bai.
Andres Urrutia euskaltzainburuak euskararekiko eta gizartearekiko dituzten konpromisoak zehaztu zituen. Kudeaketari buruz hitz egiten hasi, eta «giza baliabideak eta baliabide materialak egoki antolatzea, diziplina desberdinetako euskaltzainak euren artean lankidetzan aritzea eta euskara gizartean nabarmentzeko apustu egitea» aipatu zuen. Krisi ekonomikoaren aurrean, «aurrekontu eta finantzetan, egonkortasuna bilatzea» dela helburua azaldu zuen, «denok jakin behar baitugu zein diren Akademiaren lehentasun estrategikoak».
Ikerketari dagokionez, teknologia berriekiko apustua egiten dutela berretsi zuen euskaltzainburuak, «euskarak modernizazioaren ibilbidea gal ez dezan». Bide batez, Euskaltzaindiaren webgunean zintzilikatu duten Koldo Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegia aurkezteko aprobetxatu zuen Urrutiak. Ikerketan hobetzeko beste bi puntu ere aipatu zituen: lehenengoa, «gizartean erantzukizun handiagoa bereganatzea, egungo bizimodu modernoaren eskakizunak gauzatzeko»; bigarrena, «arau linguistikoak egoki helaraztea gizarte eragileei».
Azkenik, Euskaltzaindiak harremanak hobetzeko konpromisoa duela adierazi zuen, «kulturaren Euskal Herri horretan euskaraz eta euskararen alde lan egiten dutenekin, adiskideen arteko harremanak izan nahi ditugu Espainiako hizkuntzen akademiekin, eta Europari begira, harremanetan jarriko gara bestelako hizkuntza gutxituenganako ardura dutenekin».
Bestalde, «erakunde jakin batzuek herrialde euskaldunak gobernatzeko ardura dutenez gero, eta, gobernu-eginkizun horretan, euskararen inguruko politika ezartzen dutenez gero, erakunde horiekin harreman bateratuak izan nahi ditugu», gaineratu zuen. «Euskaltzaindiak betidanik lan egin du, lanean dihardu eta lan egingo du, Euskal Herrian diren pentsaera desberdinekin batera, erakunde guztiekin lankidetza leialean arituz».
Harremanak hobetuz
«Erakunde guztiekin lankidetza» hori atzo mahaian eseri ziren ordezkarien aniztasunean islatu zen. Andres Urrutiaren alboan hitza hartu zutenen artean ziren: Markel Olano, Xabier Agirre eta Jose Luis Bilbao, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko diputatu nagusiak; Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburua; Juan Ramon Corpas Nafarroako Kultura kontseilaria; Mercedes Chacon Estatu espainoleko Hezkuntza Ministerioko zuzendari orokorra; eta Max Brisson Office Publique de la Langue Basque-ko burua.
Urgell sailburuak momentu honetan euskararen zeregin garrantzitsuena garai berrietara egokitzea dela adierazi zuen. «Etengabeko aldaketa da lehenengo egitekoa, euskarak aurrera egin nahi badu», esan zuen. «Batzen gaituena, euskara, izan ditzakegun diferentziak baino askoz ere garrantzitsuagoa da», gaineratu zuen. Markel Olanok ere aukera berriei egin zien erreferentzia, «uste dut gure Akademiak ezin diela bizkar eman informazioaren eta jakintzaren gizartearen eskakizunei».
Eta hara non, Chacon eta Corpas, hitz egiteko txanda iritsi zitzaienean, ondarea babesteaz mintzatu ziren. Lehenengoak «hizkuntza guztien aberastasunak babestua izan behar du», aipatu zuen. Corpasek, berriz, euskara traketsean, «euskara guztion ondare baliotsua da, gure arbasoen opari. Eta denon ardura da euskara preziatu, ikasi eta bultzatzea», esanez amaitu zuen bere mintzaldia.
Ekitaldian bertan, Joan Mari Torrealdaik Imanol Murua kazetariarekin batera sortu duen «Ekin eta Jarrai» liburua aurkeztu zuen, Euskaltzaindiaren iragana, oraina eta etorkizuna biltzen dituena.