GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Euskarazko hedabideen dirulaguntzak blokeatu dituzte Nafarroan

Nafarroako Gobernuak, euskarazko hedabideentzako dirulaguntzak blokeatu ditu, bigarren urtez, eta uztailean iragarritako 240.000 euroko diru partida ezerezean gelditu da, eta egoera zuzendu ezean, informazioa euskaraz lantzen duten hedabideak ez dute euro bakar bat jasoko.

GARA | IRUÑEA

Nafarroako euskal hedabideak, iritzi publikoari igorritako gutunean, haserre agertu dira, Nafarroako Gobernuak ez duelako bere betebeharra eta konpromisoa bete, eta hedabide hauen urtebeteko ahalegin, lan eta jarrerari eman dion erantzunagatik.

Gogoratu zutenez, gainera, urtebete da Nafarroako Gobernuak euskaraz jarduten duten hedabideei zegokien 310.000 euroko diru poltsa blokeatu zuela, modu horretan hedabide batzuen biziraupena kolokan jarriz. Bi eskaera egin zizkioten orduan hedabideek Gobernuari. Batetik blokeoa bertan behera utz zezala, eta bestetik, dirulaguntza politika duin eta egonkorra lortzeko hitzarmen bat lantzen hasteko.

Gainera, eskatutako hitzarmenaren oinarriak finkatzeko, lanean hasi eta Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiekin bildu ziren hedabideak. Baina gutunean agertzen dutenez, bitartean Nafarroako Gobernua eta auzi honetan solaskide zuzena izan duten Euskarabidea beraiekin jolasean aritu diren inpresioa dute.

Aurten, oraintsu arte Hezkuntza kontseilaria izan den Carlos Perez Nievas eta Euskarabideko zuzendari Xabier Azanzak lasai egoteko esan, eta uztailean egindako bilera batean, 240.000 euroko poltsa banatuko zutela esan zieten hedabideei, diru partida hori lortuta zutenez, irailean dirulaguntza deialdia egingo zutela ziurtatuta. Alta, iraila igaro da eta egindako lan guztiaren ondoren, egoera duela urtebeteko berbera da; eta krisiaren aitzakiarekin, uztailean agindutako dirua blokeatua dago berriz ere. Hedabideek salatzen dutenez, ez dute ez hitzarmenik, ez aurtengo laguntzarik. Eta gutxi balitz, ikusteke dago Gobernuan izandako aldaketek nola eragingo dioten egoerari.

SALAKETA ZUZENA

Nafarroan euskaraz lan egiten duten hedabideek salatu dutenez, Nafarroako Gobernuak beraienganako duen jarrera onartezina da, eta Administrazioak euskarazko hedabideak babesteko betebeharra duela gogorarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo