GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Xiberoko Botza irratiak bere webgunea goitik behera eraberritu du

GARA | MAULE

Astean zehar irratian egiten duten lanari balio erantsia eman nahian, Xiberoko Botza irratiak webgunea eraberritu du. Zuzeneko saioa entzuteko paradaz gain, eguneko albisteak, inguruko herrietako berriak eta irratsaioak noiznahi entzuteko eskaintza ere zabaldu du irratiak. Argazkiekin apaindua, idatzizko informazioa eskuratzea ere badago bertan, gaiak jorratuz pertsonaiei eginiko elkarrizketak gaineratuz, informazioari kolorea eta bizitasuna eskaintzen dion bitartean.

Eguneroko informazio haria atxikitzeko eskaintza egiten du Xiberoko Botza irratiak. Izan ere, Internet sarean duen www.xiberokobotza.org gunea eraberritzearekin, euskaldunek Zuberoako berriak noiznahi eskura ditzakete. Iazko ikasturteari begira eginiko hausnarketa batetik abiatu da eskaintza berri hau.

«Xiberoko Botza Interneten bidez entzuna dela oharturik, tresna hori hobeki baliatzeko gaitasuna ez ukaitea pena genuen. Horregatik, bi langilek ikasturte berriari begira prestakuntza berezia egin dugu», azaltzen du Joanes Etxeberriak, Xiberoko Botzako kazetariak.

Zuzeneko saioak entzuteko paradaz gain, Internet sarearen aukerak indartzeko pausoa eman, eta astean zehar egindako lanaren erakusleiho bilakatu dute webgunea. «Gure lana balorizatzeko balio du prefosta, baina informazio zerbitzua indartzeko gogoak gaitu pauso hori ematera bultzatu», azaldu du kazetariak.

Eguneko albisteak idatziz ere jasoko dituzte gune eraberrituan, euskara hutsean eta argazkiz lagundurik. Landutako gai bakoitzarekin zerikusia duten elkarrizketak entzuteko parada ere eskainiko dute.

«Herrietako berriak» sailean, eta haien laguntzaileen lanari esker, Xiberoko Botzaren eguneroko berriak entzun daitezke; Barkoxe, Larraine, Sohüta, Urdiñarbe, Muskildi eta Pagola herriko berriak behatzea posible izanen den bezala. Egindako emanaldi guztiak entzuteko aukera ere zabaldu dute, webgunera noiznahi sartu eta bakoitzak nahi duen gaiari behako bat emateko eskaintza eginez.

«Kolaborazioak» atalean, berriz, iritzi artikuluak eta beste idatziak argitaratuko dituzte. Denei zabaldutako atala izango da, parte-hartzea sustatuz. Bere burutazioak, gogoetak edota hausnarketak azaldu nahi dituenak, beraz, xiberokobotza@free.fr helbidea erabiltzea dauka, edo mezua uztea, 05 59 28 29 87 telefono zenbakira deituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo