Paris-Tours
Faborito izatearen pisua ez zuen nabaritu Gilbertek
Txirrindulari belgikarrak bigarren urtez jarraian irabazi zuen lasterketa, Tom Boonen esprintean gaindituz.
A.U.L. | EIBAR
Gehiegizko presioa eta ardura ekar dezake faborito izateak, baina horren aurrean kikildu barik, gogoz hartu zuen Philippe Gilbertek 1 dortsalari atxikitako etiketa. Taldekideak lanean jarri, bere asmoa arriskuan jar zezaketen mugimenduak sumatu orduko; leku egokian erasora jo; une erabakigarrietan lasaitasunez jokatu; eta garaipenaren aukera ikustean, haren bila oldartu. Den-dena egin zuen ondo Silence-Lottoko txirrindulariak eta saria jaso zuen ordainetan.
Paris-Tours klasikoari azkenengoz amaiera eman zion Grammont etorbide luzeak Gilberten garaipena ikusi zuen bigarren urtez jarraian. Eta ondoz ondoko zazpi urteotan, pozik egoteko moduan amaitu du denboraldia ziklista belgikarrak. Hain gogoko dituzten udaberriko klasikoetan langa-luzera jo arren -hirugarren Flandresen, laugarren Amstel eta Liegen-, azkenean bere fitxaketa eskertu ahal izan dio Lottori: azken astean lortutako garaipenez gain (ostegunean Sabatini Kopa irabazi zuen), Giroko etapa bat, Calaiseko criteriuma eta Ster Elektrotoerren etapa eta sailkapen orokorra ere sartu ditu garaipenen kutxan. Ez da nolanahikoa, 27 urteko mutilak 30 garaipen lortu baititu 2003an Française des Jeux taldearen eskutik profesionaletan hasiz geroztik.
Azkena -oraingoz-, atzo eskuratu zuen hosto hilen klasikoan, berak ederki ezagutzen duena. Hala ere, azken kilometroetara arte ez zuen nabarmentzera jo. Aurretik, abenturazale ezinbestekoak saiatu ziren lasterketa bizkortzen: 25. kilometroan hamarkote batek ihes egin zuen, lasterketaren erritmoa ia amaierara arte ezarriz.
Gogoak bizi-bizi zeuden, baina, pelotoian, eta tropelaren abantaila zortzi minutura heldu zenean, faborito ofizialen taldeek -Quick Step, Silence-Lotto, Garmin eta Rabobank, batez ere- ez zioten beren erantzukizunari uko egin. Ezta beren liderrek ere. Ihesaldia behera bota bezain laster, eta ibilaldiaren azken tarteak eskaintzen zituen zailtasunak aprobetxatuz, indartsuenen saiakeren atala hasi zen. Gilbert suertatu zen garaile lehen borroka horretan, sekulako potentziaz aurre eginez, Tom Boonen eta Borut Bozicek -baita berehala atzera geratu zen Greg Van Avermaet taldekideak ere- haren erritmoari eustea lortu bazuten ere.
Hirurak heldu ziren buruan Grammonteko zuzen amaigabera, eta eguneko bigarren borroka hori ere Gilbertek irabazi zuen. Azken esprint honetan eraso bortitza jo zuen belgikarrak, Boonen-en aurreratzeko saiakera alferrikakoa bilakatuz.