GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Nazioarteko lehiaketa

Iraupeneko proban euskaldunak dira onenak

Mitxelenak mendean hartu zuen Schmiten alemaniarra; baina lan laburrean kanpotarrek beren maisutasuna erakutsi zuten, euskaldunak menderatuz.

p038_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Bixente Mitxelenak irabazi zuen Schmiten alemaniarraren aurkako deman, nahiz eta azkenean buruz burukoa izan beharrean, lau kirolariren arteko dema bihurtu zen.

Jendetza handia batu eta giro bikaina izan zen herenegun, Zaldibian, euskaldunek alemaniarren aurka jokatu zuten deman. Iraupeneko proban etxekoa nagusi izan bazen ere, taldekakoan alemaniarrak gailendu ziren.

Taldekako saioan, Gabirondo, Altzo, Galarraga eta Mujika izan ziren Euskal Herria ordezkatu zutenak, baina alemaniarrek irabazi zuten, beraien lanak bi minutu eta 40 segundoan burututa. Kubler, Scheip, Reber eta Heinz izan ziren alemaniarren segalariak.

Mutilen iraupeneko proban Mitxelena eta Schmiten ziren neurtzekoak, baina azkenean Heinzek ere parte hartu nahi zuela-eta, lau kirolariren arteko lehiaketa bihurtu zen, Gabirondo ere sartu baitzuten. Kirolari bakoitzak 400 metro karratuko sail bat moztu behar izan zuen, eta hor Mitxelenak lortu zuen garaipena. Egindako denbora, 10 minutu eta 42 segundokoa izan zen. Bigarren Schmiten sailkatu zen, eta honek 11 minutu eta 11 segundoan burutu zituen lanak. Hirugarren, Gabirondo sailkatu zen, eta 12 minutu eta 44 segundoan egin zituela lanak, eta azkena Heinz izan zen, eta honen denbora 13 minutu eta 30 segundokoa izan zen.

Emakumezkoen torneoa ere izan zen, eta Galarragak irabazi zuen, Astondoaren eta Txarronen aurretik bukatuta lanak. Umeen erakustaldi dotorea ere izan zen bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo