GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Desafioa

Itzulerako saioa galdu arren, Urruñak joanekoan lortutako aldeari eutsi egin dio

J.L. | DONOSTIA

Urruñak irabazi du Jutsiren aurka jokatu duen desafioa, nahiz eta itzulerakoan, Nafarroa Behereko taldea atera zen garaile. Bi jardunaldietako saioak batuta, ordea, lapurtarrek zortzi garaipen erdietsi dituzte, eta bi gutxiago batu dituzte Jutsikoek.

Joanekoan lapurtarrek 5-2 irabazi zuten, eta desafio honen norabidea nahikoa argituta zuen, baina itzulerakoan sufritzea egokitu zitzaion, etxekoak indartsu aritu zirelako. Azkenean, gainera, bigarren saio hau Jutsik bereganatu zuen 4 eta 3, eta horrek, gutxienez, desafioa galtzearen samina gozatuko zion apur bat.

Nafarroa Beherekoak bigarren saio honetan lau ekinaldi irabazi zituzten. Sokatiran garaile atera ziren, baita aizkoran ere, Telletxeak erraz menderatu baitzuen Hualde, nahiz eta honek joanekoan baino lan hobea egin. Orga-jokoan ere Barberenak eraman zuen garaipena, eta marmitetan ere bai, Karrikaburu lapurtarra baino hobea izan baitzen. Urruñak, aldiz, hiru saio irabazi zituen. Lasto-altxatzen Andde Arbenoitz beteranoa izan zen onena, 21 jasoaldirekin, eta seiren aldea kendu zion Etxaideri. Trontzan ere nagusi izan ziren Olaizola eta Duhalde, eta hiru epairen aldea atera zieten Endart anaiei. Azkenik, lapurtarrek zaku-lasterketan ere irabazi egin zuten, Iriarteren lanari esker.

Uztailean Donapaleun izaten den herri-kirol jaialdiaren ostean egin zuten desafio hau, saio horretara joaten ez baitzioten utzi Urruñako taldeari, eta hortik bota zuen desafioa. Azkenean irabazi egin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo