KRONIKA Xalbador eguna Urepelen
Odolaren mintzoa bertsolarien hitzekin elkartu zen atzo, giro goxo eta euskaltzalean
Urepelera etorri gara, odolak bere lehen mintzoa ikasi zuen lekura», hitzok izan zituen Amets Arzallusek atzo, Xalbador Egunean egindako bertso saioan. Xalbadorri eta bertsolaritzari egindako omenaldia zen atzokoa. Maialen Lujanbiok aditzera eman zuenez, «Batzuk joan dira eta besteak etorri, katea ez da eten». Hori dela-eta ehunka bertsozale elkartu ziren, eguraldi txarrari aurre eginez: «Poz bat sentitzen da bertsolari eta bertsozaleak elkartzean, eguraldiarekin galtzen dena giroarekin lortzen da», bertsoz azaldu zuen Sebastian Lizasok.
Idoia ERASO
Bere jaioterrian gertatzen ari zenaren berri izan zezan, deia egin zion Andoni Egañak omendutakoari: «Kaixo Xalbador gure euskaldunen odola hemen mintzo da». Txalo zaparradak erakutsi zuen legez, Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako mintzoa zen atzo, hori dela-eta lasai egoteko eskatuko zion bertsolariari: «Xalbador, hor egon lasai eta atsedenean, hemen zeozer egingo dugu etorkizunean, baldin eta zu hor bazaude denon oroitzapenean».
Aipatzekoa da ez zela bera izan aurtengo ohoratu bakarra, «Odolaren mintzoa» liburua argitaratzeko bertsolariaren hitzak paperera moldatu zituen Antonio Zavala ere gogoan izan baitzuten. Euskaltzain eta Auspoa argitaletxeko bultzatzailearen bizitzaren eta lanaren berri ematen zuen bideo bat prestatua zuten antolatzaileek. Bertsolariek ere gogoan izan zuten saioan zehar. Biek merezia zutela omenaldia adierazi zuen Lujanbiok: «Xalbador eta Zavala izan dira eredu ederrak».
Bertsoak baino gehiago
Egunari hasiera emateko, joan den urtean egindakoari jarraitu zioten: Xalbadorren bordara joateko ibilaldia antolatu zuten. Mendizaletasuna garaile izan zen, eguraldiak ez baitzuen batere lagundu, eta hala ere, hogeita hamar bat lagunek egin zuten mendian gora.
Eguerdi partean, euria lagun betiere, herri-kirol dema egin zuten Donazaharre eta Mutriku herrien artean. Bi herrikoak nahiko pareko aritu ziren, egindako kirol probetan aldizka batzuk, aldizka besteak irabaziz. Sokatira eta orga-altxatze gisako kiroletan ohitura dutenak baino ez ziren ibili, baina trontzarekin saiatzera, ikusleen artetik ere makina bat animatu ziren.