Iñaki Zelaia hernaniarrak lortu zuen aurrera egitea, faboritoen gainetik
Ez zuen berehalakoan espero izango Iñaki Zelaiak ondoan zituen bertsolarien aurretik geratzea. Umoretsu eta bizi-bizi aritu zen atzo Arriagako plaza dotorean, eta erregulartasunak bere saria izan zuen. 36 urteko hernaniarrak Gasteizen jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu zuen, bezperan Lekuek lortutako puntu berberekin.
Ane ARRUTI | BILBO
Mila lagun inguru hurbildu ziren Bilboraino Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren kanporaketara. Saio polit eta atsegina eskaini zuten sei bertsolariek. Arriaga antzokiak ezartzen duen errespetuaz harago, lasai aritu ziren guztiak kantuan eta irribarretsu utzi zuten bertsozalea saio amaieran. Iñaki Zelaia izan zen erregularrena eta finalerako txartela lortu zuen. Haren atzetik, saioko gazteenak gelditu ziren: Soto, bigarren; Arzallus, hirugarren.
Hasieratik fresko eta umoretsu ekin zion Zelaiak. Irazu izan zuen alboan zortziko handian kantatzeko. «Bertsolari banaren gurasoak zarete. Saioa hasi eta berehala aretotik atera zarete biak», gaia jarri zien Maite Berriozabalek, eta beren buruaz barre eginez, entzuleak bereganatu zituzten biek. «Urduri eta bihotzekoak jotzeko punttuan gaude/ seme Iñaki kalamidade hori daukat parez pare/ etxean hamar aldiz bota dit hona etorri ta hala ere/ agurra ere ezin du bota batere trabatu gabe», hasi zen Zelaia. Irazuren erantzuna: «Jexux Mariren ama naiz eta nerbioso nago fin-fin/ ta banijoa nahiz etorri dan alkandora berriakin».
Zortziko txikian Julio Soto eta Asier Otamendi hasi ziren kantuan, nagusia lehena, langile alperra bigarrena. «Mugitu zaite pixkat kauen la puñeta/ jendeak atzoko ogirik ez du jaten eta» esan zion Sotok. «Atzoko ogia hartu eta eman tori/ batxuri zopatako oso ona da hori», Otamendik ondotik. Arzallus amonak eta Irazu bilobak, berriz, sukaldaritza ikastaro batean egin zuten topo. «Sukaldean faltatzen al zaizu nibela/ zuk zeuk onartu duzu gutxinez horrela/ natila egin duzu tortila bezela/ zeinek esango luke biloba zarela», izan zen Arzallusen bigarren bertsoa. «Nik zer kristo egin dedan hola esan gabe/ ez al dezu ikusi da xixahori pure», azaldu zion Irazuk. «Hori ulertzeari egin diot uko/ segundo erdian enaiz modernizatuko/ garbantzoak kariñoz egosi ta punto/ nik badaezpada ez dut ezer probatuko», bukatu zuen amonak.
Ordura arteko mailak beste koska pare bat gora egin zuen puntuari erantzun beharreko lanean, eta denak txukun aritu baziren ere, Soto nafarra guztien gainetik aritu zen. «Madril olinpiadetan kanpo geratu da» puntua kantatzea ia bukatu baino lehen honela erantzun zuen: «ta horrek neri ez dit batere ardura/ Rio Janeiron dago olinpiarren muga/ ta horregatik senti gaitezke gustura». Zelaia ere bizi aritu zen. «Goenkale oraindik ez zaigu bukatu» izan zen berarentzat bigarren puntua. «Aspaldi ez det ikusi mesedez barkatu/ baina aspaldi prentsan maiz dute aipatu/ Garzonek ere badu horren hainbat datu», bota zuen.
Saioko bi emakumezkoek ederki berotu zuten giroa hamarreko txikiko bertsoaldian. «Ohera sartu eta goxo-goxo jolasean hasi zarete. Maddalen, bost minutu pasa eta bizkarra eman dizu Amaiak», jarri zieten gaia. «Amaia harrituta erabat naukazu/ bizkarra emanda ere polita zara zu», esan zion Arzallusek eta ezusteko bidea hartu zuen Agirrek: «Haserretu naizenik ez dezu usteko/ enintzan gai, Maddalen, aurrekoa eusteko/ eta esan nahi nizun atzetik hasteko». Besteak, berriz: «Horretan inesperta nahikoa naiz aizu/ eta zuk erakutsi beharko didazu». Agirrek, ondoren borobil bukatu zuen azken bertsoan: «Lo egin nahi badezu lasai eman buelta/ bakarrik bukatzea gustatzen zait eta».
Kartzelan, gaizki ulertua
Gero ondo aritzeko, gaia ongi entzun eta ulertzea izaten da garrantzitsuena, eta ordura arte ederki zebilen Jexux Mari Irazuk hortxe galdu zituen aukera guztiak. «Denbora daramazu ilunabarrean etxetik irten eta egun argiz itzultzen. Ezin duzu horrela jarraitu» izan zen kartzelako gaia. Irazuk, ordea, goizean goiz etxetik irten eta ilunpean itzultzen den paperik gabeko immigrantearen ahotik kantatu zuen. Bertsoaldi polita bai, baina gaitik kanpo: «Egun argitan atera eta argirik gabe bueltako/ dela Artxanda zein Nerbioian jatorri ingururako/ zenbat eguzki ikusi dedan eguzkia etxez kanpo/ berotu ez baizik erre egiten nau paperik ez dudalako».
Gainerakoak, penak ito edo ezkutuka ibiltzeko gauak eman dezakeen anonimotasunaz baliatu ziren. Arzallus, mutila etxean utzita, maitalearekin aritu zen, «egia esan hauxe da ni mintzen nauen bakarra/ ni zoriontsu izatearren beste bat mindu beharra». Otamendi eta Zelaia langabezian gelditu ostean murgildu ziren gaueko bizitzan. «Ta enpresari eta bankari keja bat badut zuentzat/ mozkorraldia zuentzako ta ajea berriz guretzat», esan zuen Otamendik. Zelaiak umore puntua jarri zion gainerakoen dramari: «Motel, mutil zahar geratuko haiz sarri esaten dit amak/ neskak ihesi joaten zaizkit nonbait hurbiltzen diranak/ ni izango naiz arraroa edo arraroak dira danak».
Sotok eta Agirrek amari laguntza eskatuz bukatu zuten. Sotok neska laguna galdu ostean alkoholez bustitako depresiotik ateratzeko, eta Agirrek drogak eta prostituzioa utzi ahal izateko.
Bertsolari Txapelketa Nagusia dotore jantzi zen atzo. Arriaga antzokian egin zuen parada, alajaina. Butaka erosoek eta argiztapen zainduak izan zuten, ordea, beren ordaina. Azken saioetan nagusitu diren pankartak jarri, jarri zituzten bertsozaleek. Arriagako «protokoloak» aginduta, baina, bertsolariak oholtzara igo aurretik guztiak kendu behar izan zituzten. Ilusioz landutako animo mezuak motxiletan gorde, eta txalo eta oihuekin bakarrik berotu behar izan zituzten euren izarrak.