GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTren bide berriaren aurka jendetza biltzea da herri elkargoen xedea

Lapurdi zeharkatuko lukeen AHTren bide berriak aurkakotasun ugari eragiten jarraitzen du. Azken hilabeteetan, ukitutako lurraldeko erakundeak altxatu dira, indartsu, proiektuaren kontra. Azterketa tekniko independentea eginarazi dute 29 udalerri biltzen dituzten hiru herri elkargoek, beren usteak egiaztatu dituena; alegia, «alferrikakoa eta xahuketa» dela. Larunbaterako manifestazioa deitu dute Baionan, eta «jendetza karrikaratzea» espero dute.

p016_f01_148x100.jpg

Arantxa MANTEROLA

«Lehen esandakoa berresten dugu: ez zarete indarrean pasako!». Horrelako hitz tinkoekin amaitu zuen Mixel Hiriart, Lapurdi Hegoaldeko Herri Elkargoaren buruak, atzo Baionan egindako agerraldia. AHTren bide berriaren proiektuaren kontra larunbaterako antolaturiko manifestaldira dei egitea zuen xede prentsaurrekoak. Berarekin batera, Paul Baudry Errobi Herri Elkargoko lehendakaria, Roland Hirigoien Errobi-Aturri Herri Elkargoko lehendakaria eta lauzpabost auzapez, tartean, Azkainekoa, Hiriburukoa eta Ahurtikoa, izan ziren.

Hiriartek gogoratu zuen betidanik izan direla «gure lurraldea ebakiko lukeen urradura berri bat egitearen kontra». Jarrera hori hartzerakoan, ekonomiarekin, gizakiarekin, nekazaritzarekin eta ingurumenarekin zerikusia duten erronkak kontuan hartzen dituztela azaldu zuen Biriatuko auzapeza ere badenak.

Egungo trenbidea, aski

Konbentziturik daude gaur egungo trenbidea 2050. urterainoko trafiko-aurreikuspenei erantzuteko gai dela, betiere beharrezko hobekuntzak eginda.

CITEC Suitzako ikerketa bulego independenteak hiru herri elkargoen eskaeraz duela bi hilabete egindako azterketa teknikoak beren usteak egiaztatu dituela adierazi zuen Hiriartek. Are, trenbideaz arduratzen den RFF enpresa publikoari bilkura eskatu diote, haien teknikariekin eta ikerketa bulegoko kideekin azterketaren datuak sakondu eta alderatzeko, eta espero dute datozen egunetan hitzez agindutako topaketa egingo dela.

Beren asmo behinena trenbide berria «alferrikakoa eta zarrastelkeria» dela agerian jartzea da. «Hautetsiak garen heinean, diru-publikoa alferrik xahutzea ekiditea gure betebeharretako bat da», esan zuten.

Gainera, euren hautes-programetan AHTren bide berriaren proiektuaren aurka ekiteko engainamendua hartu zutenez, boza eman zieten herritarren borondatearen ordezkari direla nabarmendu zuten.

Horregatik, AHTren beraren kontra ez daudela berretsita, trenbide berriaren «zentzugabekeria» frogatzeko gero eta atxikimendu gehiago lortzeak berebiziko garrantzia duela adierazi zuten. «Larunbatean, Baionan, inoiz ezagutu ez den jendetza karrikaratzea erdietsi behar dugu», esan zuen Hiriartek, herritarrengan proiektuak eragin duen aurkakotasuna adierazteak duen balioa azpimarratuta. Izan ere, berarentzat, «imajina ezina da RFFk eta agintariek milaka biztanleen iritzia kontuan ez hartzea».

Ehun mila biztanle eta hogeita bederatzi udalerri ordezkatzen dituen hiru herri elkargoen deialdira lerrokatu dira aspaldidanik proiektuaren kontra borrokatzen ari diren elkarteak ere, horien artean, CADE bera.

Elkarteen lan eskerga

Hain zuzen ere, atzo bertan, Urruñako Herritarrak udal talde abertzaleak «elkarteetako kideek urteetan zehar RFFren egitasmoaren kontra egin duten lana» goraipatu zuen. Lapurdi Hegoaldeko hainbat hautetsik izandako «koherentzia faltaren aitzinean», haiek baino «askoz ere fidagarriagoak» direla nabarmendu zuen. Halere, hautetsi abertzaleek argi zuten ez dela trenbide berririk behar, «ez ibilbide honekin ezta beste inolako ibilbiderekin ere». Hori dela eta, larunbatean Baionan egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin zuten.

Ez dira, haatik, deialdiarekin bat egin duten bakarrak, alderdi, sindikatu eta talde askotarikoak atxiki baitira, Lapurdiko hiriburuan, 17.00etatik goiti, «Euskal Herrian trenbide berriari, ez» lelopean egingo den manifestaziora. Horien artean, LAB sindikatua, Bizi taldea eta Euskal Herriko Berdeak eta NPA alderdiak daude.

LEGITIMITATEA

Herri elkargoek jendea karrikan mobilizatzera deitzea ez da ohikoa, are eta gutxiago enpresa publiko baten proiektuaren aurka. Herri elkargoetako hautetsiek, ordea, «legitimitate osoa» dutela uste dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo