GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabier Mendiguren Bereziartu eta Ione Josie Kontseiluko idazkari nagusia eta kidea, hurrenez hurren

Euskararen beharrak asetzeko estatus eta lege egokiak behar dira

Euskara ofiziala izateak ez dakar inplizituki hizkuntzaren normalizazioa, baina ondorio juridikoak ditu. Aitortu egiten da herritarrak administrazioarekiko harremanetan erabiltzeko eskubidea duela eta horretaz baliatuz bere egoera hobetzeko politikak legitimitatea lortzen du

Frantziar Estatuak mendeetan gure hizkuntzaren eta antzeko gutxiagotuen aurkako politika eraman ondoren, Europatik helduriko presioengatik agian, Konstituzioa aldatzea bultzatu du. Bertan «eskualdeko» hizkuntzak Frantziaren ondare bilakatzen dira. Egia esan, ezer gutxi dakigu artikulu horren eragin-arloaz, baina ondare hitzak berak, hizkuntzaren babesa eta transmisioa ekarri beharko luke. Haatik, aipuak hutsuneak uzten ditu, euskarari ez zaio behar bezalako estatusa eskaintzen, hizkuntza-politika eraginkorra ahalbidetzeko babesa eskaintzen duena eta hizkuntza horien hiztunen hizkuntza-eskubideak bermatzen dituenak. Estatus egokia zein den aspaldian badakigu, ofizialtasuna da. Bai, euskarari estatus ofiziala aitortu behar zaio, euskaldunon hizkuntza-eskubideak babestuko dituen corpus juridikoa osatu eta hizkuntza-politika eraginkorra abiarazi.

Gaur egun, gure herrian euskaraz bizitzeko milaka oztopo ditugu eguneroko jardunean. Euskarak hizkuntza-politika egokia eta eraginkorra behar du, eremu publiko eta pribatu guztietara heltzeko, funtzio sozial guztietan erabiltzeko aukera lortu behar genuke. Eta hizkuntza-politika egoki hori bideratzeko, guretzat ez da dudarik, euskararen ofizialtasuna edo estatus egokia erdiestea ezinbestekoa da.

Hizkuntza bat egoera diglosikoan dagoenean, hau da, espazio fisiko eta funtzionala beste hizkuntza batekin banatzen duenean, baina ez fisikoki eta ez funtzionalki osoa ez denean, hizkuntza gutxitua normalizatzeko funtsezkoa da bi hizkuntzen estatusak gutxienez berdintzea. Juridikoki hizkuntza nagusia gainetik badago ezingo da gutxitua normalizatu. Bestalde, euskara berezkoa, bertokoa dela diogu ez baita beste inongoa. Frantzian frantsesa berezkoa da, baina ez Martinikan nahiz eta frantsesez egin. Euskara ofiziala izateak ez dakar inplizituki hizkuntzaren normalizazioa, baina ondorio juridikoak ditu. Aitortu egiten da herritarrak administrazioarekiko harremanetan erabiltzeko eskubidea duela ofiziala delako eta horretaz baliatuz bere egoera hobetzeko politikak legitimitatea lortzen du.

Horretaz, aldaketarekin batera, lege baten sorrera hitzeman du frantses Gobernuak, Sarkozyk lehenik, hauteskunde garaian zelarik, eta Kultura Ministerioko sailburuak, Albanel andreak, bere garaian. Gaur egun legearen edukiaz, berriro ere, ezer gutxi dakigu, ezta hitzemandakoa beteko duten ere. Eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondare izendatzen dituen artikuluak, berez, ez dio eskaintzen euskarari estatus egokia. Osatuko den legeak, hastetik, koadro juridiko egoki bat finkatu beharko du eta hizkuntza-politika egokia definitu beharko du, murriztailea izanen ez dena.

Testuinguru horretan legeak estatusaren egokiaren hutsunea bete beharko luke. Hezkuntza-sistemak, gainera, belaunaldi berriak osorik euskaldundu behar ditu, baita goi mailako ikasketen eskaintza egin ere. Horretaz gain, administrazioa eta bere zerbitzuak euskaldundu behar dira; alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko bideak eskaini; gizarteko beste alorrak euskaldundu, hala nola, aisia, kirola, hedabideak, kultura, eta abar; diru-baliabideak, administratiboak eta giza baliabideak nabarmen handitu behar dira eta, azkenik, helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortu behar zaio.

Hizkuntza-politika eraginkorrak epe eta helburu zehatzak behar ditu, bitartekoz ongi hornitua izan behar du, gizarteko sektore guztietara iritsiko dena, administrazio nagusitik toki administraziorainokoa, hizkuntza-eskubideak bermatzeko helburua duena, ikuspegi osokoa, lurralde-hizkuntzaren erabilera sozial normalizatua helburutzat hartuko duena eta sailartekoa, hizkuntza ez baita kulturaren azpi-atal bat, komunikazio-tresna baizik.

Lege baten osaera berri positiboa izango da baldin eta arestikoak betetzen badira, estatus egokirik ez duen hizkuntza baten aldeko legeak nola babestuko ditu euskal herritarrak? Eta herri mugimenduak urteetan eramandako lana batetik ez luke mugatu behar eta bestetik, ez litzateke murriztailea izan behar, ez dugu atzera pausorik onartuko. Legeak ausarta eta egokia izan behar du, benetako normalizazioa eta aitorpena ekarriko dituena.

Momentu gako baten aurrean gara, euskararen eta haren gisako beste hizkuntzen beharrak aldarrikatzeko unea da, mobiliza gaitezen Parisek gure kezkak eta kexak entzun ditzan eta tokiko hautetsiek ere beren ardurak hartu ditzaten. Euskarak behar gaitu orain eta euskara behar dugu orain. Euskara jendartearen kezka dela berretsi behar dugu, lege egoki bat nahi dugula, hizkuntza-politika egoki bat nahi dugula adierazteko momentua da, beranduegi izan aitzin. Altxa gaitezen eta bihar, urriaren 24an, euskararen alde mobiliza gaitezen, ofizialtasunaren alde, gure eskubideak bermatuko dituen lege baten alde. Euskararen normalizazioa ekarriko duen lege baten alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo