Itsasondoko baso mozketa «basatia» eta erakundeen «pasibotasuna» salatu ditu AHT Gelditu! Elkarlanak
Gipuzkoako Aldundiaren sarrera hostoz eta adarrez beteta, AHT Gelditu! Elkarlanak Itsasondon gertatzen ari den zuhaitz mozketa «basatia» salatu zuen atzo. Erakundeek gertatutakoaren aurrean erakutsi duten «pasibotasuna» azpimarratu eta Lakuan salaketa aurkeztu duela ere jakinarazi zuen.
Oihane LARRETXEA
AHT Gelditu Elkarlanak protesta ekintza burutu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Eraikinaren sarrera Itsasondon bota dituzten zuhaitzen hostoekin eta adarrekin oztopatu zuten, egindako «gehiegikeria» salatzeko.
AHTren lanak zuhaitz mozketa «basatia» eragiten ari direla jakinarazi zuen Mikel Alvarez AHT Gelditu Elkarlaneko kideak. Egoera «larri» horren aurrean erakundeek erakutsi duten «pasibotasuna» ere azpimarratu zuen. «AHTren proiektuaren ingurumen ikuskapenaren eta Gipuzkoako baso ondarearen arduradunak diren erakunde hauek ezer ez egitea salatu nahi dugu», esan zuten AHT Gelditu Elkarlaneko ordezkariek.
Halaber jakitera eman zuten dagoeneko bi salaketa aurkeztu dituztela; lehenengoa Lakuako Ingurumen Sailean eta bigarrena Gipuzkoako Aldundiko Nekazal Garapen Sailean. «Salaketa hauekin Garraio Sailari eta Txaleko Egurrak SL enpresari txosten zigortzaile bana zabaltzea espero dugu. Izan ere, ez dira proiektuko ingurumen neurriak betetzen ari», adierazi zuen Alvarezek. Honakoa ere gogorarazi zuen: «Proiektuarekin hasi aurretik, arau multzo bat hitzartu zuten erakundeek. Orain, berriz, arau horiek apurtzen ari dira erakundeak beraiek».
«Estatu espainolak Aldaban eta Alegian AHTren lanekin aurrera egin ahal izateko baimendu dituen ekintzak argitara atera nahi ditugu», azaldu zuten jarraian AHTren aurkakoek. «Zulaketa lanak egiteko -jarraitu zuten- 200.000 metro koadro lur baino gehiago desjabetzeko izapideak hasi ditu jada Gobernuak».
Egoera ikusita, asteazkenean 500 alegazio aurkeztu zituzten desjabetzeak atzera botatzeko asmoz. Horrez gain, azaroaren 1ean ospatuko den mendi martxan parte hartzeko gonbidapena egin zuen AHT Gelditu Elkarlanak.
Azkenik, Ordizian egindako tunel zulaketaren ondorioz inguruko hainbat baserri ur gabe gelditu direla eman zuten aditzera, baita lanen hondakinak «baimenik gabe» Mariaratz errekara jaurtitzen ari direla, «kutsadura larriak» sortuz.
Atxondoko hainbat lurren desjabetzea baimentzeko txostenen sinadura ekitaldia bertan behera gelditu zen ezker abertzaleko Dabid Cobos alkatea agertu ez zelako. «AHTren Atxondoko egungo ibilbidea ez da hasieran hitzartu zena», salatu zuen Cobosek.