GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Lau eta Erdikoak sasoi-puntu oso onean harrapatu nau»

p033_f01_333x333.jpg

Ekaitz Saralegi

Asegarceko pilotaria

Profesionaletan bederatzi denboraldi egiteko bidean eta 30 urte beteta, Ekaitz Saralegi amezketarra klasiko bat dugu jada esku pilotako programazioetan. Kaiolan eman dioten aukera bikain baliatu du aurreneko fasean Xala kanporatuta, eta igandean Asier Olaizolaren aurka neurtuko ditu indarrak.

Asier AIESTARAN

Goizean Eibarren pilotak aukeratu eta gero, arratsaldean lanean harrapatu dugu Ekaitz Saralegi. Horrenbeste dei jasotzera ez dago ohituta.

Zer moduz joan da aukeraketa?

Ongi. Bagenekien Eibarren zer pilota jarriko zituzten. Han frontisa bizia da eta lurra motela, eta frontoiak pilota gehixeago eskatzen du. Pilota nahiko fuertea dago eta ea aukera hau aprobetxatzen dugun.

Ezkerreko pareta nahiko egoera kaskarrean dagoela ikusi dugu.

Hala da. Ni orain dela hiru aste bertan izan nintzen entrenatzen, Xalaren kontra han jokatuko nuela esan zidatenean, eta sartu ginenean aurreneko sentsazioa nahiko txarra izan zen. Udan itxita egon denez, usaina ere nabarmentzen zen, gutxi ibiliarena. Paretetan hezetasuna nabaritzen zen gaur ere, pintura zati batzuk ere erorita... Eibarkoa bezalako frontoi bat horrela ikusteak pena ematen du.

Asier Olaizola izango duzu aurkari. Lehiaketa hauetan esperientzia handia duen pilotaria. Zein izan daiteke irabazteko gakoa?

Gakoa igandean iritsi eta ahal den ondoen jokatzea izango da. Etxetik ideia bat eginda eramaten duzu, baina gero askotan gauzak ez dira pentsatu bezala irteten eta beste gauzaren bat egin behar izaten da. Betikoa, ongi sakatu eta gero tantoa agudo bukatzen saiatu. Eta ezin bada, lanean segi.

Asierrek errestoarekin arazoak izan ditu askotan eta horrek galarazi izan dio hainbat lehiaketatan urrunago heltzea.

Asierrek beti izan du fama hori. Manomanistan eta horrelakoetan ez zuela ongi errestatzen. Baina hori, Asierri bezalaxe, pilotari askori pasatzen zaigu. Nahi izaten da ongi errestatu eta aurkariari gainera pilota kendu. Hori zaila izaten da eta askok daukagu sake-errestoan arazo hori. Baina bai, horretan asmatzen duenak asko izango du irabazita igandean.

Askorentzat ezustekoa izan arren, Xalari ongi irabazi zenion (22-12). Horrek laguntzen al du morala hartzeko?

Argi dago Xala bezalako pilotari bati irabazita morala hartzen dela. Xala badakigu zer pilotari klase den, nahiz eta orain askok esaten duten baxu dabilela. Nik uste beheraldiak denok izaten ditugula, eta pilotari handi horiek edozein garaitan irabazten dietela gu bezala bigarren mailan dabiltzan pilotariei. Baina nik ere oso ongi jokatu nuen eta ongi irabazi nion.

Olaizolak ere 22-12 irabazi zuen Olazabalen kontra. Ikusi al zenuen partida hura?

Nola-hala bai. Gainetik begiratu nuen, ez nuelako pentsatzen Xalari irabaziko nionik. Olazabalek dejadak egitera jokatu zuen, baina orokorrean Asierrek asko eman zion pilotari eta bere kolpearekin min handia egin zion. Hori da Asierren gaitasuna, aurkaria asko behartzen du eta dejada ongi botatzen du. Indarrean jokatzen badu arriskutsua da.

Zer balantze egiten duzu orain arteko zure ibilbide profesionalaz?

Bederatzi urte eman ditut profesionaletan eta estelar batzuk jokatu ditut, Lau eta Erdiko Txapelketan aukerak izan ditut... Azken bi urteotan suerte txarra izan dut. Hatzeko ebakuntzaren ondoren hiru hilabete jokatu gabe egon nintzen, kailua irekita denbora dezente, orkatilan min hartuta ere bai... Baina azken hilabeteotan nahiko ongi nabil eta Lau eta Erdikoak nire ibilbideko sasoi-puntu onenetako batean harrapatu nauela esan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo