GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Tributuzko edo omenezko taldeen gorakada

Musikari klonatuak

Azken boladan izugarri ugaritu dira tributu taldeak gurean. Zuzeneko emanaldiak indartzeko beste talde batzuen abestien bertsioak erabiltzea ohikoa izan da betidanik, baina orain artean ez zen hain ohikoa talde bakar baten kantuak eskaintzea omenezko talde bilakaturik. Talde horietako bat Neguri Gorriak da. Anoetako Gaztetxean esango dute agur larunbatean.

p050_f01_286x172.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Edozein musika taldek, ibilbidea abiatzean, eta kantu propioak sortzen ikasi baino lehen, gustuko taldeen kantak kopiatuz eta errepikatuz ikasten du musika egiten. Ez dago entsegu lokalean kantuen moldaketak egiten bidea urratu ez duen musika talderik, ez eta zuzeneko emanaldietan bertsio bat jo ez duen musikaririk ere.

Bertsioak, edo kantuen moldaketak, beti izan dira ohikoak edozein musika talderen hastapenetan; gustuko musika kopiatu eta errepikatzea ezinbestekoa da sorkuntzarako gaitasuna izan artean. Zuzeneko emanaldietako kantu zerrendan bertsioak sartzen dituzten musika taldeak asko dira, eta sarri, gauza bera gertatzen da diskoak grabatu behar diren unean ere. Talde hasiberriek nagusiki entzuleria erakartzeko amu bezala erabiltzen dituzte kantu horiek, taldeak berak sorturiko kantuak ezezagunak izatean, zaila izaten baita lehen entzunaldian erakargarri suertatzea.

Kantu ezagunen bertsioek zubi lana egiten dute berezko kantu eta gustuko abestien artean, arreta bereganatuz eta taldearekiko konplizitatea sortuz. Bide horretan, taldeek beren musika eraginak aldarrikatzeko edo gustuko taldeak omentzeko erabili izaten dituzte bertsioak, erreferentziak aipatuz eta nondik datozen aldarrikatuz. Horrez gain, hainbat musika taldek kantuen moldaketak erabili izan dituzte beren ibilbidean etenaldia egin eta disko berria prestatzeko bidean tarte bat hartzeko. Soziedad Alkoholika taldearen «Diversiones», Negu Gorriak taldearen «Salam Agur» edo Betagarriren «80/00» izan daitezke gurean eginiko bertsio diskorik esanguratsuenak.

Originala ezean, klona

Alta, azken urte hauetan fenomeno berri bat iritsi da gurera: tributuzko taldeak. Espainiar estatuan badira zenbait errealitate esanguratsu, eta mundu mailan ere sona handiko «klon» taldeak dira: The Bon Scott Band (AC/DC), A Pelo y Tu (Platero y Tu), God Save The Queen (Queen), Please (U2), Abbey Road (The Beatles).... Horietako talde asko, gainera, homologatuta daude; hau da, jatorrizko taldearen baimena dute zuzeneko emankizunak taularatzeko.

Gurera ere iritsi da fenomeno hau: Iron eta Maider (Iron Maiden), Gramones (Ramones), Mage Against the Machine (Rage Against the Machine), El Bisabuelo (Elvis Presley), Tud (DUT), Delirium Tren Ez! (Delirium Tremens), Su ta Ke (Su ta Gar), Albiste Okerrak (Berri Txarrak) edo Neguri Gorriak (Negu Gorriak) dira gaur egun taula gainean aritzen diren «fotokopia» taldeetako batzuk. Eta gehiago ere badira. Talde hauetako kideak musikari esperientziadunak dira, beste talde batzuetan jotzen dutenak eta teknika aldetik kalitate handikoak. Kantuen exekuzio maila originalaren ia berbera izaten da, bateria kolpe, gitarra riff, baxu akorde edota ahots erregistroak kopiatuz errespetuan eta mirespenean oinarrituriko kantu zerrendan. Musika ez ezik, talde itxura ere imitatzen da normalean, musikaren indarrari irudiaren itxura gehituz. Durangaldeko musika taldeen elkarteak (DMTE) ere «Greatest Hits Gaua» antolatu zuen bi eguneko jarduna Plateruena antzokian batuz. Eskualdeko 25 musika taldek mozorroa jantzi zuten hiru kantuko abesti zerrenda aukeratuz: Ihesbide MCD izan ziren, Sei Urte Michael Jackson, Dirties The Hellacopters, Ene Bada The Blues Brothres... Kontzertu horren irudiekin DVD lana ere kaleratu zuen musika kolektiboak.

Bertsio taldeak erakargarriak dira emanaldiak ikustera joaten diren musika zaleentzako. Talde ezagunen kanta ezagunek osatzen dute gozatu beharreko menua; garai batean ereserki izandako abestiak dira eta gaztaroko soinu banda irudikatzen dute.

Neguri Gorriak, «agur salam!»

Aizkora zorroztuen ordez, tenisean jokatzeko gurutzatutako bi erraketekin kolpatu zuen Neguri Gorriak taldeak duela urtebete inguru. 90eko hamarkadan izandako euskal musika talderik esanguratsuenaren bertsioak egiteko elkartu ziren Feos Pero Majos, Amaiur, Oliba Gorriak edota Krasis taldeetako musikariak, Irungo taldearekiko zuten mirespena eta errespetua medio. Zuzeneko kantuak prestatzeaz gain, NGk ohikoa zuen parafernalia ere eraman izan dute zuzeneko emanaldietara: antzerkia, graffitiak, hankapaloak, dantzariak.... Hala, Youtube kanalean «Radio Rahim» kantuaren bideoklipa ere moldatu dute Neguri erara. Negu Gorriak taldeak gazte belaunaldi oso bat markatu zuen Euskal Herrian eta aitzindariak izan ziren musika norabide berrietan sakontzen, kanpoan ere sona izan zutelarik.

Neguri Gorriak taldeak 2008ko abuztuaren 20an eskaini zuen lehen kontzertua Bilboko 7 Katu Gaztetxean eta asteburu honetan emango du azkena Anoetako Gaztetxean. Bidean, 30 emanaldi eman ditu Euskal Herrian barna. Ohiko bost musikariez gain, haize sekzioarekin, trikitiarekin eta beste musika tresna batzuekin aberastu dute proposamena, une batzuetan taula gainean bederatzi lagun batuz. 2001eko otsailean Negu Gorriak taldekoek agur esateko Donostiako Anoetako belodromoa aukeratu zuten lez, Tolosaldeko herri txikia aukeratu du Neguri Gorriak taldeak azken kolpea emateko. Negu Gorriakek Banda Bassotti eta Selekta Kolektiboarekin eman bazuen azken kontzertua, Banda Batxoki nafarrekin eta Aritz Sound System eta Lagunak kolektiboarekin emango du Neguri Gorriakek.

Larunbatean emango duten azken kontzerturako egitarau berezia prestatu dute Anoetako Gazte Asanbladak eta Neguri Gorriak taldekoek elkarlanean. Eguerdian herri bazkaria izango da eta, arratsaldean, berriz, Orkrestak kaleak girotuko ditu 80ko hamarkadako punk kantu eta ereserkiekin. Gaueko hamarretan hasiko da agurreko emanaldia.

 
TENIS ERRAKETAK

Aizkora zorroztuen ordez, tenisean jokatzeko gurutzatutako bi erraketekin kolpatu zuen Neguri Gorriak taldeak duela urtebete inguru. 30 emanaldi eskaini eta gero, larunbatean agur esango du.

KANTU EZAGUNAK

Bertsio taldeak erakargarriak dira emanaldiak ikustera joaten diren zaleentzako. Talde ezagunen kanta ezagunak dira entzun beharrekoak, garai batean ereserki izandako kantu mitikoak.

Sorkuntza propioaren alde: kemena, ilusioa eta irudimena musikan

Ehunka talde, milaka ez esatearren, murgiltzen dira egunero Euskal Herriko entsegu lokaletan musika sortzeko. Bidea hagitz zaila da, eta ez da batere erreza ikuslegora iristea. Urte luzeko ibilbidea, eta zorte apur bat beharrezkoak dira musika talde batek aurrera egin ahal izateko. Tributuzko taldeak musikaren bidezidorretatik doaz, musika talde arrakastatsu eta ezagunak kopiatuz musikaren errepide malkartsua autobide lau bihurtuz. Omenezko taldeei meriturik kendu gabe, sorkuntza propioaren aldeko aldarria egitea ezinbestekoa da gure musika eszena bizirik manten dadin. Azken batean, izerdiz sorturiko kantu propioen akordeekin transmititzea baino gauza handiagorik ez dago.K. O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo