Eszenak
Antzerki frexkue...
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Santurtzitik Bilbora noa itsasertzean zehar, gona bildua daramat izterrak agerian, korrika eta azkar nator kortseak estututa, kaleetatik oihuka: nork nahi du... antzerki frexkue!» Kantu zaharrak dioen moduan, Bizkaia antzerkian murgildurik daukagu azken aldian. Izan ere, bihar amaituko zaigu hilaren bederatzian hasi zen Getxoko XXVII. Antzerki Jardunaldia. Hamahiru konpainia izan ditugu aurtengoan eta orotara, hamazazpi ikuskizun eskaini dizkigute. Antzoki berria amaitu bitartean espazio desberdinak erabili behar izan badituzte ere, jardunaldiek aurrera egin dute.
Eta Getxorik, Santurtzira jauzi egingo dut, izan ere, gaur hasiko baita Santurtziko XXX. Nazioarteko Antzerki Jaialdia. Azaroaren 28 arte iraungo duen Bizkaiko zaharrena den jaialdi honek, 24 ikuskizun eskainiko ditu guztira. Argentina, Ekuador, Australia eta Portugaleko bost ikuskizun aurkeztuko ditu eta hamahiru obra, lehen aldiz ikusterik izango ditugu Euskal Herrian. Aurreko urtean sarituak izan ziren bi ikuskizunak ere ikusteko aukera izango dugu, hala nola «Los impresentables» eta "Ni naiz Hector, ni bakarrik" . Jaialdian zehar honako antzezlan hauek ikusteko aukera izango dugu besteak beste. Yllana taldearen «Brokers» eta «666» , Ron Lalá taldearen «Mundo y final», Leo Bassiren «Utopia» , Hikaren «Aitarekin bidaian» eta Bikorteatroaren «Euskarazetamol» . Eta dagoeneko hotza egiten badu ere, izango dugu kaleaz gozatzerik ere, «Soka», «Caídos del cielo», «Tocata y Fuga» eta "El Show de la patera rosa" lanekin.
Eta kantuak dioen moduan, Santurtzitik Bilbora jauzi egingo dut, izan ere, hilaren 31an Bilboko XI. Antzerki eta Dantza Garaikidearen 11. edizioa den BAD Jaialdia hasiko baita azaroaren 8ra bitartean. Bertan, antzerki eta dantza garaikidea hiriko espazioekin harreman estuan ikusteko aukera izango dugu, non lurrazpiko parking bat antzezleku bilakatuko den. Eta Bizkaiko lurraldeak albo batera utzita, Araba ingurura abiatuko naiz, izan ere, gaurko egunean, Animalario taldeak eskainitako Shakespeareren «Tito Andrónico» lana ikusteko aukera izango dugu Gasteizeko Printzipal antzokian. Eta Gasteiztik, Donostiara noa, Gipuzkoa aldean emango baitiot amaiera itsasertzeko neure bidaiari. Izan ere, Halloween egunean, Antzerkiola Imaginarioaren «Babiloniako loreak» ikusteko aukera izango dugu Gasteszenan baina ez hori bakarrik, izan ere, magiaz beteriko egun edota gau honetan emango baitzaio hasiera Donostiako XX. Fantasiazko eta beldurrezko zinemaren XX. Asteari . Bertan, hogei urteak argazkitan ikusteko aukera izango dugu, Samuel Ortí eta Eva Conde donostiarraren esposizioekin batera. Abel Ferryren «Vertige» frantziar filmak emango dio hasiera asteari eta amaiera berriz, Europa osoan estreinaldia izango den Noboru Iguchiren «RoboGeisha» film japoniarrak. Bidaia amaitu dut eta saldu dut saldu beharreko arrain guztia, beraz, on egin diezazuela Euskal itsasertzean arrantzaturiko antzerki frexkuak.