GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Babes ofizialeko etxebizitzen zozketa

Auzoa hutsik egon arren, ez dago etxerik beharra duenarentzat

Loiolako Erribera auzoan amaitu gabeko eta saldu gabeko 768 etxe daudela salatu dute Kepasakonlakasa asanbladako kideek. Hala ere, oraindik, lurzoruaren metro karratu bakar batek 5.746 euro balio ditu batez beste Donostian. Atzo, Etxebidek auzo horretako eta Morlanseko babes ofizialeko 181 etxebizitza zozketatu zituen, izena emanda zuten 8.000 lagunen artean.

p015_f0186572.jpg

Janire ARRONDO

Pilota partida garrantzitsuak jokatzen direnean bezala, goraino bete zen atzo eguerdian Donostiako Atano III.a pilotalekua. Atzo ez zen, ordea, inolako partidarik jokatu. Babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko zozketa egin zuen Lakuako Gobernuko Etxebide erakundeak; Donostiako Loiolako Erribera eta Morlans auzoetako 181 etxebizitza zozketatu zituzten. 200 lagun inguru hurbildu ziren frontoira, gutxitxo, izena 8.000 inguruk emana baitzuten.

Bertaratu zirenek euren zenbakia eskuetan hartu eta hura pantailan ikusteko gogoz eman zuten zozketak iraun zuen denbora. Hala ere, kontuak aterata tokatzen zen moduan, hurbildu zirenetatik bakan batzuk soilik izan zuten zortea.

Zozketak iraun zuen bitartean, etxebizitza duinaren aldeko Kepasakonlakasa asanbladako kideek Atano III.aren kanpoaldean etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuten, eta zozketara zihoazenei eskuorriak banatu zizkieten. Loiolako Erribera auzoan hutsik edo amaitu gabe dauden etxeak obra publikoen salneurrian saldu edo alokairuan jar ditzaten eskatu zieten etxebizitza sustatzaileei eta Kutxari. Bestalde, Donostiako Udalari «fikziozko baimenak» emateari utzi eta alokairura zuzenduriko etxebizitza parke publikoa handitzeko eskatu zioten.

Elkarte honek Loiolako Erribera auzoan hutsik dauden etxebizitzak, hormarik gabeko eraikinak eta bukatu gabeak zenba- tzeko eskatu zion Donostiako Udalari ekainean. Erantzunik jaso ez zutenez, eurek egin zuten kontaketa atez ate ibilita eta inguruko langile eta bizilagunekin hitz eginda. Ondorioztatu zutenez, guztira, gutxienez, 768 etxebizitza daude hutsik edo amaitu gabe; alegia, auzoaren herena.

Kepasakonlakasakoen arabera, auzoak egungo krisiaren aurpegietako bat erakusten du. Adibidez, 2009. urtearen hasieran, Urbina enpresak 67 etxebizitza zituen eraikineko obra bertan behera utzi zuen «adreiluaren krisiaren» ondorioz. Soilik kanpotik amaituta dagoen dorrea Kutxaren esku geratu zen, enpresak zituen zorrak ordaintzeko. Era berean, Koiperen lantegia hartzen zuen orubea eta Miramongo beste lur eremu bat ere Kutxari eman behar izan zizkion enpresak.

Bestalde, dorrearen alboan amaitu gabeko beste hiru eraikin daude; hauek Riberas de Urumea enpresak egin zituen eta Calparsoro higiezinen agentziarena da etxeak saltzeko ardura. Asanbladakoek salatu zutenez, bizilagunen arabera lanak duela bi urtetik erabat geldituta daude; aldiz, agentziakoek, erosleak etxeak euren gustura antolatzeko daudela azaltzen diete informazio eske hurbiltzen diren bezeroei.

Donostiako Udala 2016. urtean Europako kultur hiriburua izateko egiten ari den kanpainaren harira, Kepasakonlakasa elkarteak eskaintza kulturala «aberasteko» esku bat botako duela iragarri zuen. Horrela, «Donostia 2009, lukurreriaren hiriburu mundiala» deitu dituzten bisita gidatuak aurkeztu zituzten trufan. Besteak beste, Donostian lurzorurik garestiena duen kalea zein den erakutsiko dute bisita horietan. Izan ere, batez beste, Donostian metro karratu batek 5.746 euro balio ditu. Gipuzkoako batez bestekoa, berriz, 4.629 eurokoa da; oso garestia ere inguruko herrialdeekin alderatuz. Jarraian, Kontxako pasealekuan eta Askatasunaren Etorbidean hutsik dauden jauregietara egingo dute bisita, baita onkologiko zaharrera, San Bartolome kalera edo Loiolako Erribera auzora. Era berean, higiezinen erakusleihoak erakutsiko dituzte bisita horietan, eta, noski, amaitzeko, prezio «beldurgarriz» beteta dauden webguneak.

Donostian etxebizitzarekin diren arazoak salatu eta ezagutzera emateko prestatutako umorezko ekimena bada ere, dagoeneko bat edo bestek eman du izena Kepasakonlakasa asanbladako webgunean hirian zeharreko tour berezi hori egiteko. Ekimenean parte hartu nahi duenak Alderdi Ederreko karruselean jarrita du zita.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo