Amiantoak sorturiko gaitzak laneko gaixotasun direla aldarrikatu du LABek
LABek amiantoarekin harremana izateagatik gaixotu diren langileei enpresa eta mutualitateek lanetik eratorritako gaixotasuna dutela aitortzeko jartzen dizkieten oztopoak tamalgarriak direla salatu zuen atzo. Eragindako kaltea onartu behar dutela exijitu zuen.
Amaia ZURUTUZA
Gipuzkoako metalgintza arloko LAB sindikatuko ordezkariek batzarra egin zuten atzo Tolosan amiantoaren arazoa oinarri hartuta. Batzarraren ostean, Mapfre aseguru etxearen aurrean kontzentrazioa egin zuten «Mutuak: ez ezkutatu amiantoak sorturiko gaitzak» lelopean. Protesta honekin mutualitateek lanean amiantoarekin harremana izateagatik gaixotu diren langileei euren gaixotasuna buruturiko lan jarduerak eragindakoa izan dela aitortzeko jartzen dizkieten oztopoak salatu zituzten.
Iban Perez LAB sindikatuko metalgintza arloko lan osasuneko kideak GARAri adierazi zionez, amiantoa XX. mendean asko erabili zen produktua da, eta gaur egun debekatuta dagoen arren, urte luzetan «milaka tona» erabili zirenez, hamaika lekutan dago zabalduta oraindik; esaterako, «ibilgailuetan, eraikin ezberdinetan, galdara edo labeetan». Gaur egun leku askotan dagoen produktu oso arriskutsua da, beraz; «baina oso ongi non dagoen jakin gabe».
Laneko gaixotasunak
Perezen arabera, amiantoarekin lanean aritzeagatik gaixotu diren langileen egoerak erakusten du, langileek ez dutela osasuna edo bizia lan istripuetan bakarrik galtzen, eta enpresetan badirela osasunarentzat oso kaltegarriak diren elementu ugari ere.
Gaur egun lan munduan erabiltzen diren hainbat produktuk ere minbizia sortzen dutela eta toxikoak direla kontuan hartuz, Euskal Herrian zer-nolako lana eta zer-nolako enpresak nahi ditugun hausnartu behar dugula adierazi zuen Perezek.
Enpresek arazo honen aurrean hartzen duten jarreraren inguruan, amiantoaren erabilera «ezkutatzea» edo oso langile gutxik erabili zutela esatea dela azaldu zuen Perezek. Era berean, administrazioek, Gipuzkoaren kasuan Osalanek, produktu arriskutsu honen erabileraren inguruan ez dituztela zerrenda zorrotzak osatu salatu zuen.
Amiantoarekin harremana izan duten pertsonak urteetara dute gaixotasunak garatzeko arriskua, eta datozen urteetan kalte askoren berri izango dugula aurreikusi dute aditu ugarik.
Amiantoaren erabilera debekatua izan bazen ere, oraindik toki askotan dagoen produktu arriskutsua da. LABek ez dela behar den identifikazio eta kontrol lana egiten salatu du.