GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek gustatzen zaion aurkaria izango du Baionan

Zuri-urdinek Castresen aurka jokatuko dute. Frantziarrak bigarren postuan daude, eta horrelako taldeen aurka moldatu izan da ongien talde lapurtarra.

p032_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek norgehiagoka zaila izango du gaur 20.45etatik aitzinera, Castres hartuko baitu Jean Dauguer zelaian. Frantziarrak sailkapeneko bigarren postuan daude, eta baionarrak, berriz, atzetik hasita hirugarren postuan.

Hala ere, une onean dator partida, izan ere, euskaldunak bi partida irabazi dituzte jarraian, nahiz eta biak ere Europako lehiaketakoak izan diren. Zuri-urdinek badute beste gauza bat alde, izan ere, Baionakoek etxean jokatu dituzten hiru partidak irabazi egin dituzte.

Avironek eman duen mailak ez du erakusten sailkapenean duen lekua. Zuri-urdinak oso joko ona egin dute partida askotan, sailkapeneko goiko muturrean dabiltzan talde guztiak estu hartu dituzte, eta etxean oso sendo agertu dira. Hala ere, egutegia gaiztoa izan da beraiekin, eta lehen itzulian kanpoan etxean baino partida gehiago jokatu behar izan dituzte.

Liga abuztuan hasi zen, baina gaurkoa etxean jokatuko duen laugarren partida izango du Baionak. Jean Dauguerretik kanpo ez du lortzen maila ona ematea, eta horixe da sailkapenean dagoen lekuan egoteko arrazoia. Dena dela, aurrez aurre, aurkari gogorra izango du, Castresek maila bikaina eman baitu orain artekoan, eta Ligako finalerdietan sartzeko faboritoetako bat baita. Aviron, ordea, ongi moldatzen da talde indartsuekin, eta gaur garaipena erdietsiko balu ez litzateke inongo ezustea izango. Jokalariei dagokionean, Bagetena izango da baionarren baja garrantzitsuena.

Anoetan ez

Bere garaian, Avironen eta Biarritzen arteko derbia ere Anoetan jokatu zitekeela esan bazen ere, Francis Salagoitik, Avirongo presidenteak, garbi utzi du ez dela horrelakorik izango, nahiz eta ez duen baztertzen denboraldi honetan partidaren bat Donostian jokatzea.

«Aurten ez dugu Anoetan beste partidarik jokatuko, baldin eta European Challengen aurrera egin eta talde handiren baten aurka jokatzen ez badugu. Orduan ikusi egin beharko litzateke, izan ere, taldearentzat dirua batzea garrantzitsua da, baina horretaz hizketan aritzeko nahiko goiz da oraindik», esan zuen zuri-urdinen agintariak. Beraz, derbiaren bigarren zatia ez da Donostian izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo