Aipagarriak
Huntzaren moduan, apaltasunez idatzi du Jose Ramon Makusok bere poema liburua
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Huntza landare apala da, paretak eta beste euskarriak behar ditu garatzeko, bere ibilbidea egiteko. Baina harrigarriena da ez dela sekula gelditzen», esan zuen atzo Juan Ramon Makusok (Errenteria, 1961). Metafora horretatik abiatuta idatzi du bere hirugarren poema liburua: «Huntza hezur berritan» (Erein). Bereak dira baita ere «Bizitzeak hil egiten du» (Ediciones Beta) eta «Hiri gorazarre» (Elea). «Ni, gizaki bezala, bidea egiten ari naiz, egunero goizeko argiarekin batera. Hau ez da erraza, are gehiago, gure gizarte honetan ez da batere erraza», jarraitu zuen.
Makuso filosofia irakaslea da. «Poesia idazten duen filosofoa da eta ez filosofia egiten duen poeta», azaldu nahi izan zuen hitzaurrea idatzi dion bere lagun Felipe Juaristik. Bere esanetan, gai gogorrak lantzen ditu Makusok baina poesiaren eta «hitz ederren» bidez «hobeto sartzen zaizkigun gaiak dira». «Gai horien inguruan hausnarketa egingo bagenu beldurtu egingo ginateke», erantsi zuen.
Bizitza, heriotza, malenkonia edo bakardadea topatuko baditugu ere, Makusok pauso bat gehiago eman eta argi izpi bat erakusten du. «Aitortu behar dut une zailetan idatzi dudala, gorabehera batzuk izan ditut, baina, hala ere, egun zail horiek gainditu ditut. Ezin gara zailtasunean gelditu», esan zuen.
Hortik «Huntza hezur berritan» izenburua, «sortze berri bat dago hor, izakiaren berritasunaren isla».