Posta zerbitzuaren etorkizunaren eztabaida zabaltzea eskatu dute sindikatuek
Ainize BUTRON
Azaroaren 2aren eta 6aren artean eztabaidatuko da frantziar Estatuko Senatuan posta zerbitzuaren etorkizuna finkatuko duten lege egitasmoa. Horren karietan sindikatuek zerbitzu horren pribatizazioaren aurkako dinamika aurrera eramatea erabaki dute.
Urriaren 31n, berriz ere, posta zerbitzuaren etorkizunari buruzko iritzia helarazteko aukera emanen diete sindikatuek herritarrei. Izan ere, joan den urriaren 3an antolaturiko erreferendumak izandako arrakasta kontuan harturik, mobilizazio dinamikarekin jarraitzea erabaki dute. Ildo horretan, kontuan izan behar da zerbitzuaren etorkizunari buruzko lege proiektua azaroaren 2aren eta 6aren artean eztabaidatuko dela frantses Senatuan, eta ordura arte, elkarretaratzeak deitu dituztela posta zerbitzuetako egoitzen aitzinean. Horrekin batera, Nicolas Sarkozy frantses presidenteari zuzenduriko gutun bat prestatu dute.
Bost aldarrikapen biltzen dira gutunean: urriaren 3an izan zen erreferendumean herritarrek emandako iritzia errespetatzea, lege egitasmoa bertan behera uztea, postaren etorkizunari buruzko erreferenduma antolatzea, eta herritarren artean eztabaida zabaltzea. Baionan, urriaren 31n, gutuna posta zerbitzuko egoitzetara eramango dute elkarrekin CGT, LAB, Sud PTT, FO-COM, NPA eta Attac sindikatuek.
«Gutuna bidaltzeko prest egongo da, eta, beraz, herritarrak posta zerbitzuko egoitzetara hurbiltzera gomitatuko ditugu gutuna presidenteari helaraz diezaioten», azaldu zuen Antton Lamothe CGTko kideak. Protesta posta egoitza nagusietan egingo dute.