GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Jexuxmai Lopetegi, literatura eta musika inoiz baino lotuago

Sei urteko isilaldiaren ostean, bere bakarkako bosgarren diskoa aurkeztu zuen atzo Jexuxmai Lopetegi zarauztarrak. «Izar uxo» deitu dio literatura eta musika sekula baino mimo gehiagorekin josi dituen lanari.

p053_f01_148x80.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Kantak literaturari lotzeak lan asko eskatzen du. Buelta asko eman behar zaio letrari, poema horretan dauden esaldi potoloenak ondo adierazi behar dira kantuan, dela estribilloan edo bestela. Gero eta gehiago begiratzen diot alderdi horri», azaldu zuen Jexuxmai Lopetegik (Zarautz, 1956). Sasi eta Akelarre taldeetan urteetan eskarmentua hartutako musikariak «Izar uxo» (Elkar) bere bakarkako bosgarren diskoa aurkeztu zuen atzo. Azkenekoa, «Laua», duela sei urte kaleratu zuen eta azken lau urteetan burututako lanaren fruitua da honakoa.

Kreditutako izenei begiratu besterik ez dago literaturak disko honetan duen presentziaz ohartzeko. Joseba Sarrionandiaren poemekin osatu ditu Lopetegik lau kanta -berria bat, eta aurretik gustuko zituen hiru kanta analogikotik digitalera berreskuratu ditu: «Esku ahurreko marrak», «Sorlekuaren kanta» eta «Ez diren gauzak»-, Julen Zulaika bertsolariarenekin beste bi eta Harkaitz Canoren «Ni naiz Basquiat» baliatu du swing dotore bat osatzeko. Bestalde, «O Guardador de Rebanhos» liburuan oinarritutako kantua, Jose Luis Padronen idatzitako «Bidegurutzea» eta Kazkazuri bertsolariaren «Kantatutzera noa bertso bat edo bi» bertso sorta ezagunaren bertsio bitxi bat ere bildu ditu. «Hiru kanta nire koaderno laburretik irtendakoak dira», esan zuen.

Teklatuaren presentzia

Orain arte ekoizpen lanetan aritu diren Unai Moraza eta Lopetegi berak, Satxa Soriazu piano jotzailea ere izan dute lagun. «Teklatu soinuekin ikuspegi ezberdin batekin borobildu dira kantak. Ukitu asko daude pianoarenak, Hammondenak, Rhodesak... Produkzio potoloagoa izan dela esan daiteke».

Benetan jendetsua ere izan da grabaketa. Musikari eta abeslarien artean hogei bat izan dira diskoan parte hartu dutenak. Ohiko taldekideez gain -David Etura eta Aitor eta Xanet Arozena-, Arkaitz Miner, J. A. Batiz, edo Angel Unzu aritu dira, batzuk aipatzearren, kolaborazio ezberdinak eginez. Baita Satxa Soriazurekin jazz hirukotea osatzen duten Juanma Urriza eta Kike Arza ere.

Diskoa bukatzeko, bitxikeria bat: Zuberoako «Oihaneko kanta». «2006an Zarauzko Putzuzulo Gaztetxearen lehenengo urteurrena zela eta `Eman bostekoa' ikuskizuna egin genuen Antton Iturria, Patxi Saiz, Mikel Markez, Pako Aristi eta bostok, eta kantu honekin bukatu genuen». Diskorako Niko Etxart batu zitzaien eta Aristik «ardo banatze lanak» egin zituen.

Azaroaren 12an Donostiako Dokan eskainiko dute kontzertua eta 26an Zarauzko Euskalduna tabernan. Urtarriletik aurrera Durangon eta zehazteke dauden beste hainbat herritan ikusi ahal izango ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo