GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz | Iruñea

Ezkaba mendia

Zer egin beharko litzateke Ezkaba mendian, batez ere, Iruñerriko Mankomunitateak bertan teleferikoa edo funikularra jartzeko proposamena egin ondoren? Argi dago gaia izan daitekeela luzea, konplexua eta zaila. Hala eta guztiz ere, nik hiru ideia behintzat nahiko argi eta garbi dauzkat.

Lehenik eta behin, nik uste dut mendi osoa edo gehiena izendatu beharko litzatekeela parke natural, nahi duten pertsona guztiek goza dezaten, gogoan hartuta gaur egun natura gero eta hondatuago dugula. Hori nola egin? Ba, uste dut parte hartu beharko luketela inplikatutako udal guztiek, hitzarmen on bat lortzeko, eta geroago denen artean kudeaketa egokia egiteko.

Bigarrenik, nire ustez, gotorlekuan memoria historikoari buruzko zentro bat egin beharko litzateke, baina ez orain bezala, baizik eta hor gertatu diren ankerkeria guztiak argiki eta gordinki kontatuz, interesatu guztiek jakin dezaten benetako egia.

Hirugarrenik, nik oso laster eginen nukeen beste gauza bat da Ezkaba mendi tontorrerainoko errepideko galipota konpontzea, dagoeneko ez baldin badago egina, behintzat. Kontua da nire bizitza osoan lau bat aldiz igo naizela gurpil-aulkian behetik goraino, eta azken bidaian, orain dela hiru urte-edo, jakin beharra dago errepideko zorua, leku batzuetan batik bat, arrunt egoera negargarrian zegoela.

Eta, azkenik, teleferiko edo funikularraren gaiaren gainean, hauxe da gutxi gorabehera pentsatzen dudana. Hasteko eta behin, krisi ekonomiko larriaren garai honetan, zorroztasunez aztertu beharko litzateke ea gai honek lehentasun handirik duen ala ez. Erantzuna baiezkoa balitz, orduan Iruñerriko Mankomunitateak bere proiektua xehetasun guztiekin azaldu beharko lioke gizarteari, honek ikusteko bideragarria den ala ez, zer eragin sorraraziko liokeen ingurumenari, eta abar.

Ikusita beste hiri batzuetan, Donostian, adibidez, badagoela antzeko zerbait, nire iritziz, gizarte eztabaida sakon bat bultzatu beharko litzateke gaiaren inguruan, ikusteko ea iristen den adostasun batera. Horrelakorik lortuko ez balitz, orduan nik proposatuko nuke herri galdeketa bat, horrek erabaki lezan zer egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo