Jabi Elizasu Martinez Oiartzungo Udaleko Mendi eta Ingurumen zinegotzia
Aiako Harrian, autodromoa?
Lerro hauen bidez duela zenbait aste Joxe Iriarte Bikilak hainbat hedabidetan argitaratutako gutunari erantzun nahi diot. Idatzi horretan, besteak beste, Aiako Harriko parke naturaleko Arditurriko meatzeen inguruan autodromo bat zegoela salatzen zuen Bikilak. Haserre zegoen, hain zuzen, Otsamantegi baserritik gertu kokaturiko hondakindegian ibilgailuak ibiltzen ikusi zituelako. Era berean, horri buruzko informazioa eta azalpenak eskatu zituen. Beraz, hondakindegian egindako jardueraren nondik norakoak azaltzen saiatuko naiz jarraian.
Lehenik eta behin esan beharra dago azken hamarkadetan Arditurrin eginiko jarduera guztien erantzukizuna Oiartzungo Udalarena dela, eta ez beste inorena. Halere, aldi horretan jarduera motaren eta hartu beharreko erabakiaren arabera, Udalak kontuan hartu izan ditu adituen iritziak eta gomendioak, eta hainbat erakunderen dirulaguntzak jaso izan ditu.
Gauzak horrela, orain dela hilabete batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiaren Irungo suhiltzaileen arduradunek eskaera bat egin zioten Udalari, aipatutako eremuan ikastaroak emateko. Labur esanda, ikastaro horien bitartez suhiltzaile berriei ibilgailuak larrialdi batean nola erabili behar diren erakusten diete. Toki askotan bilatu ondoren, Otsamantegi ondoko hondakindegia iruditu zitzaien lekurik aproposena. 2009an bi ikastaro egitea eskatu zuten, eta aurrerantzean ikastaro bat urtean gehienez ere.
Eskaera jaso ondoren, Udaleko Ingurumen teknikariak gaia aztertu zuen eta horri buruzko iritzia eskatu zion Foru Aldundiko Mendietako zerbitzuari. Deus erantzun aurretik, horrelako jarduera batek ingurumenean izan dezakeen eragina aztertu nahi zen. Horren harira, nabarmendu behar dugu hondakindegia isolatuta dagoela. Mendietako urak ere ez dira iristen, duela urte batzuk, erreka horren azpitik pasatzean kutsatzen zela ikusita, hura desbideratzeko lanak egin baitziren. Bestalde, urtean egun gutxitan ibilita, suhiltzaileen kamioiek nahiz bestelako ibilgailuek inpaktu mugatua eragingo zutela ondorioztatu zuten.
Azterketaren emaitzak ikusita eta horrelako jarduerak gizartearentzat mesedegarriak direla gogoan izanda, Udaleko Mendi eta Ingurumen Batzordeak aho batez erabaki zuen suhiltzaileei baimena ematea. Baldintza gisa eskatu zitzaien bakarrik eremu hori erabiltzeko, eta burdinazko ataka bat jartzeko bestelako ibilgailurik ez sartzearren. Ulertzekoa da Bikilaren eta edonoren harridura hura ikustean, baina erabaki zuzena hartu zela uste dut.