Maider Eizmendi Kazetaria
Urteetako haurdunaldiak
Larunbatean afalostean lehen oinazeak, gau luzea ospitaleko pasilloetan gora eta behera emanda eta azken ordu mingarrien ostean. Hala jaio nintzen ni igande eguerdian, goizeko hamaika eta erdietan hain justu ere, aurpegi zuri eta potoloarekin, ile horiarekin eta urteek ilundu dituzten begi argiekin; orain sinesten zaila diruen arren, hala diote.
Hamalau urte egin nituen egunean, hamabost egin nituenean, hamasei, hogeita bost... Aurten ere hutsik egin gabe, gurasoek, apenas iazko bertsiotik hitzik ere aldatu gabe, kontatu dizkidate nire lehen minutuetako gorabehera guztiak; eta gustura, adi entzuten ditut urtero, lehenengoz entzun nitueneko ilusio berberaz. Bai partela topetaraino betetzen nuela esateak ere grazia egiten dit. Nork bere erara hartuko du, baina argiro esan gabeko «asko maite zaitugu» dira niretzat istoriotxo horiek.
Inguruan baditut oinaze eta ilusioz betetako orduak pasatzear daudenak. Zortzi hilabete luze izan dituzte haurtxoaren aurpegia imajinatzeko, ezagutzen ez duten «txikiaren» izena pentsatzeko, aproposa izango ote den zalantza egiteko, guraso gisa euren burua irudikatzeko, beldurtzeko... Bai, bederatzi hilabetek askotarako ematen dute.
Beste batzuek denbora luzeagoa daramate buruari bueltaka -bederatzi hilabete baino dezente gehiago- etxeko txikiak izango duen aurpegia irudikatzen, etxetik barrena zalapartaka nola ibiliko den imajinatzen, azkenik guraso izango direla sinesten. Ez dute ordea, erditzearen inguruko kontakizunik izango, ez diote pasilloan gora eta behera eman zituzten orduen gaineko istorio xelebrerik kontatuko urtero-urtero. Baina hauek ere izango dute, «asko maite zaitugu» esateko modu partikularra. Seguruenik, ezagutzeko irrika bizian dauden neskatilari, hegazkinez egindako bidaia luzearen gainekoak kontatuko dizkiote, ikusi zuten lehen aldian barrunbeak irauli zitzaizkiela esango diote, etxera noiz ekarriko irrikan ia urtu zirela aitortuko diote, berak behar dituen adina behar zutela bera erakutsiko diote.