GARA > Idatzia > Kultura

«Last tango in Berlin», Alemaniako hiriburuan hasitako bidaia taularatu du Ute Lemperrek

Ute Lemper gurean izan dugu, «Last tango in Berlin» ikuskizunarekin. Bertan, Berlinen hasi eta gero Parisetik Buenos Airesrainoko bidaia proposatzen digu udan Euskal Herrira bueltatu nahiko lukeen artistak.

p041_f03_96x124.jpg

A. B. | BILBO

Egun New York hirian bizi den artista alemaniarra Bilboko Arriaga antzokian izan zen atzo, aurrenekoz, iragan asteburuan Gasteiz eta Iruñean ikuskizuna aurkeztu ostean. Orkestra handiekin jotzera ohitua, «Last tango in Berlin» emanaldi «intimoa» da, Tito Castro bandoneon-jotzailea eta Vana Gierig pianista lagun dituela gauzatua. Eta bertan, Lemperrek oso maite dituen Kurt Weill, Edith Piaf eta Jacques Brelen kantuak abesten ditu, entzuleei «bidaia musikala» proposatuta. «Der Blaue Engel» kantuarekin Berlinen hasi («Lilli Marleen» ere beti kantatu behar du, entzuleek behin eta berriro eskatzen diotela-eta), Jacques Brel eta Edith Piaf -antzekotasun handia omen du Lemperrek frantziarrarekin- artisten bitartez Parisera jo («Ne me quitte pas» kantuarekin, esaterako) eta Astor Piazzollarekin Buenos Airesen izan ostean, -«aurrenekoz gaztelaniaz abestuko dut», diosku- berriro Berlinen bukatu; aipatu kantari guztietan dagoen tangoaren, «mundu poetiko eta iluna agertzen duena», eta kabaret doinuen uztarketan.

Alta, «kantu zerrenda irekia» daramate beti eta batetik bestera beti dago aldaketaren bat, alemaniarraren esanetan. Bilbon esaterako, «`Bilbao Song' derrigor kantatu beharrekoa dut».

Bilbon aurretik ere izana dela gogoratu zigun Lemperrek, «lehenengoz orain hamabost urte inguru, eta azken aldiz 2004an». Eta aurki berriro bueltatu nahiko luke, «udako jaialdiren batera», berak sortu kantuez 2008an plazaratu zuen «Ute Lemper: Between Yesterday and Tomorrow» lana kantatzera, bertan «bizitzari buruz dudan ikuspegi propioa ematen baitut».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo