Uruguai, bigarren itzuliaren zain eta Iraungitze Legea baliogabetu gabe
Uruguaiko hauteskundeen lehen itzuliak ez zuen herrialdeko presidentea nor izango den erabaki, igandeko bozketak ez baitzion gehiengo osoa eman Jose Mugicari, espero bezala hautagairik bozkatuena izan bazen ere. Bigarren itzulian, azaroaren 29an, gerrilari ohi eta Fronte Zabala alderdiko hautagaiak eskuineko bi alderdiei, Alderdi Nazionalari eta Colorado alderdiari, aurre egin beharko die, biek bat egingo baitute, atzo bertan Pedro Bordaberry diktadorearen seme eta Colorado alderdiko hautagaiak bere sostengua Lacalleri emango diola iragarri zuenez gero.
Jakina zen Mugicak ez zuela Tabare Vazquez oraingo presidenteak adinako sostengua jasoko; areago, Fronte Zabalean bertan sumatzen da hautagaiarenganako zenbaiten mesfidantza, eta zalantza nagusia zen gehiengo osoa lortuko zuen ala ez. Fronte Zabala benetan zabala da, onerako eta txarrerako, eta hauteskunde kanpaina amaieran hautagaiak bere diskurtsoa moderatu bazuen ere -edo arazi bazioten ere-, hautesleriaren sektore zabalegia erakartzeko ezkerreko diskurtsoa difuminatzeak eskuinarekiko aldea txikitzen du.
Azaro amaieran Jose Mugicak erronka handia du, horrenbestez. Berak ez du gehiengo absolutua lortu, baina bere aurkari nagusi Luis Alberto Lacallek oso emaitza kaskarra izan du, Mugicak baino milioi erdi boto gutxiago jasota. Hala ere, Lacallek galdutako sostengua Bordaberryk eskuratu du, eta bien artean Mugicaren pare gelditu dira. Ikusi beharko da azaroan batuketa hori errepikatzen edo are emendatzen den hautagai bakar baten alde, baita Fronte Zabalak zer diskurtso eta taktikari heltzen dion ere, presidentetza lortzeko. Nolanahi ere, badirudi lehia estua izango dela.
Igandean, halaber, Iraungitze Legea baliogabetzeko aukera galdu zuten uruguaitarrek. Erreferendumean baiezkoaren aldekoek baino ez zuten botoa eman behar, baina hori ez da aitzakia emaitza gutxienik kezkagarritzat ez jotzeko. Zenbait analistak Fronte Zabalean ez dute sumatu Iraungitze Legea baliogabetzearen aldeko lan nabarmenik, haren buruzagietatik hasita. Eta erreferendum horri dagokionez ere, Fronte Zabala horren zabala izateak zerikusia du beharbada. Bada diktaduraren aztarna hori ezabatzeko borondate politikorik eza ikusten duenik, Fronte Zabalak Gobernua eta parlamentari gehienak izanda; eta gogoratu beharra dago legea Sanguinettiren Gobernuak bultzatuta onartu zela, ez erreferendum bidez. Julio Maria Sanguinettik, lege hori onartu zenean presidentea zenak, esan zuen herrialdeak «etorkizunari, eta ez iraganeko mamuei» begiratzen diola; hala ere, «mamu» horiek giza eskubideen urraketa ikaragarriak ezkutatzea direnean, urraketa horien gainean, egia ezkutatzearen gainean eraikitzen denean demokrazia, ustela sortzen da.