GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patri Lezama eta Ines Jauregi Komite Internazionalistak taldeko kideak

Maccabi, Israelgo Estatuaren tresna bere burua mozorrotzeko

Europak, Israelek bultzatutako genozidioarekin bat eginez, koherentziarik ez duen erabakia hartu du Maccabiri Europa mailako txapelketetan parte hartzen utzita

Gaur arratsaldean Tel Aviveko Maccabik saskibaloian jokatuko du Gasteizen, berriz ere. Baskoniaren kontra arituko diren jokalariak duela ia urtebete Gazako mugan dagoen Erezera gerturatu ziren Israelgo soldaduak animatu eta txalotzera. Azken urteotan izan den sarraski handienetakoa eta bidegabekoena egin zezaten animatu zituzten. Gazako herritarrak giltzapetzera, beldurtzera, hiltzera animatu zituzten, baita gazatarrei lurrak lapurtzen jarraitzera ere.

Maccabiko jokalariak Gazako mugara gerturatu ziren Israelgo armadari euren erabateko babesa eskaintzeko, Palestinako herriaren kontrako sarraskiari laguntza eskaintzeko.

1906an sortu zen Tel Aviveko Maccabi Sports Club. Joan den mendeko 30eko hamarkadan sortu zuten saskibaloi taldea da ezagunena, baina beste hainbat talde ere baditu futbola, eskubaloia, judoa, igeriketa edota boleibola bezalako kiroletan. Taldea sortzea ez zen ustekabeko erabakia izan, ezta kirola sustatzeko erabakia ere.

Indarkeria eta odolez 1948an, lurren lapurretaren, genozidioaren eta Palestinako herria kanporatu izanaren gainean sortu zenetik, «normaltasun» irudia eman nahi izan du Israelgo Estatuak munduaren aurrean.

Israelgo Estatuak normalizazio estrategia behar du munduaren aurrean estatu demokratiko moduan azaltzeko. Horregatik, hainbat urte dira estatu sionistak, kultura, arte, kirol eta hezkuntza ordezkariak bultzatu eta goratzen dituela nazioarteko foroetan, Europakoetan batez ere. Horren adibide da Tel Aviveko Maccabi taldea ere, gaur arratsaldean Gasteizen jokatu behar duena, Israelgo ordezkari nagusienetakoa, Europakoa izan ez arren, berdintasun baldintzetan jokatzen duena Europa mailako nazioarteko txapelketetan.

Geografikoki Asian egon arren, Israelek eta bertako taldeek Europako txapelketetan parte hartzen dute. Imajinatzen al duzue Beiruteko Al Ansar Manchester Uniteden kontra? Edota Jordaniako Al Arabi Municheko Bayernen kontra? Barregarria da... baina Europak, Israelek bultzatutako genozidioarekin bat eginez, koherentziarik ez duen erabakia hartu du Maccabiri Europako txapelketetan parte hartzen utzita. Azken finean, Israel babestu du.

Sortu zenetik, duela 61 urte, Israelgo Estatuak sistematikoki urratu ditu Nazio Batuen eta Nazioarteko Justizia Gortearen ebazpen guztiak, bai Zisjordania eta Gazako okupazio politikei dagokionez, bai errefuxiatuen itzultzeko eskubideari dagokionez, bai apartheidaren harresiari dagokionez... Bitartean, nazioarteko erakundeek inolako neurririk hartu gabe jarraitzen dute.

Tel Aviveko Maccabi Israelgo Estatuak duen tresna garrantzitsuenetakoa da herrialde demokratikoa dela erakusteko, bere aurpegia zuritzeko... Hori bai, hemen ez diegu iruzurrik egin dezaten utziko. Horregatik, ozen esaten dugu: boikota Maccabiri, boikota Israeli!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo