GARA > Idatzia > Mundua

Kirkukeko aferak hauteskunde deialdia arriskuan ipini du berriro

Irakeko Legebiltzarrak gaur arte atzeratu du Hauteskunde Legeari egindako emendakinen bozketa. Hego Kurdistango presidente Massud Barzanik Kirkuk hiria kurdua dela aldarrikatu zuen beste behin ere, eta argi utzi zuen ez dutela afera horretan etsiko. Bagdadek petrolioan aberatsa den zonaldea bereganatu nahi du. Ezadostasun horren ondorioz, legearen bozketa bertan behera utzi eta eztabaida egun bat gehiago luzatzea erabaki zuten atzo talde politikoek.

p017_f01_199x140.jpg

GARA

Kirkukeko afera berriro mahai gainean dago Irakeko Hauteskunde Legea dela eta. Hego Kurdistango presidenteak, Massud Barzanik, Bagdadetik 255 kilometrora iparraldera dagoen zoanaldea Kurdistaneko parte dela berretsi du. Irakeko Gobernuak, berriz, beretzako nahi du. Kirkuken aberastasunik handiena petrolioa da eta, noski, inork ez du halako diru iturririk galdu nahi.

Atzo, Irakeko Legebiltzarrak Hauteskunde Legeari eginiko emendakinak bozkatu behar zituen. Legeak urtarrilaren 16ko hauteskundeak arautuko ditu. Horregatik da hain garrantzitsua adostasuna ahalik eta lasterren lortzea. Baina, atzokoan, talde politikoak ez ziren bat etorri Kirkukeko hauteskundeei dagokien atalean eta, ondorioz, bozketa gaur arte atzeratzea erabaki zuten. Ez da lehen atzerapena.

«Akordiorik egotekotan, bihar -gaur- konpromisozko testu bakarra bozkatzea erabaki dugu legea landu duen batzordeak eta Legebiltzarreko presidentetzak. Adostasunik ezean, bi proposamen aztertuko ditugu», azaldu zuen Selim al-Juburi sunitak.

Nazio Batuek Iraken duten ordezkari bereziak, Ad Melkertek, lehen proposamena ezagutzera eman zuen. Horren arabera, bozketa aldi berean egingo litzateke Kirkuken eta Irakeko gainontzeko herrietan. Salbuespen gisa, 2009ko erroldan azaltzen diren herritarrek soilik bozkatu ahal izango lukete hauteskundeetan, kurduek eskatzen duten bezala. Aitzitik, bigarren proposamenak, 2004ko errolda kontuan hartzea edo bi barruti sortzea proposatzen du, bat kurdua eta bestea arabiar eta turkomanoa. Proposamenenak Jalal Talabani presidenteak (kurdua jaiotzez) Nuri al-Maliki lehen ministroarekin (xiita) eta Iyad al-Samarra (sunita) Legebiltzarreko presidentearekin izandako bileraren ostean ezagutarazi zituzten.

Kurduek gehiengoa lortu nahi dute Kirkukeko gobernu batzordeetan. 900.000 biztanle inguru ditu Kirkukek. Arabiarrek eta turkomanoek oreka demografikoa beraien mesedetan aldatu izana leporatzen diete kurduei. Kurduek, berriz, kontrakoa salatzen dute, eta kurduak gehiengo ziren Niniveko probintziako zenbait herri okupatu izana egozten diete arabiar eta turkomanoei.

«Hauteskundeak aldi berean egin behar dira Kirkuken eta gainontzeko probintzietan», esan zuen Barzanik. «Probintzia honetan erroldak berraztertu nahi badituzte, maila guztietan egin beharko lukete. Izan ere, arabiarrek ez dute deusik esan Niniveko populazioaren hazkundeaz. Egun milioi bat pertsona gehiago ditu. Turkiatik 600.000 kurdu etorrarazi genituela argudiatzen dute. Baina, nola esan ditzakete hainbeste gezur! Kirkuki beti arazoak eragin nahi dizkiote. Hori da gatazkaren gakoa», gaineratu zuen.

Igandean, AEBetako presidente Barack Obamak adostasun bat lortzeko ahalegina egiteko eskatu zien Irakeko buruzagiei. Christopher Hill enbaxadoreak eta beste diplomatiko batzuk eztabaidak gertutik jarraitzen ari direla ere jakinarazi zuen bozeramaile estatubatuar batek.

konfiantza

Hego Kurdistango gobernu berriak Legebiltzarraren konfiantza eskuratu zuen. Oposizioko kideek biltzarretik alde egin zuten protesta gisa. Barham Saleh Irakeko lehen ministro orde ohia izango da gobernuburua.

Los atentados del domingo dejan en una débil posición a Al-Maliki

El doble atentado de Bagdad ha dejado en una delicada posición al primer ministro iraquí, Nuri al-Maliki, objetivo de las críticas de sus antiguos aliados chiítas, con los que rompió para crear su propia lista para las próximas elecciones legislativas. Al-Maliki acusó a los países vecinos de permitir la preparación de los atentados en sus territorios. «El Gobierno, que subestima la seguridad, echa balones para no asumir sus responsabilidades», subrayó un dirigente del Consejo Supremo Islámico de Irak. Ayer, tres mujeres murieron en una explosión en Bagdad. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo