LABek neurriak eskatu ditu haurreskoletako matrikulatze beherakadari aurre egiteko
GARA |
LAB sindikatuak jakitera eman duenez, haurreskoletan matrikulatutako haur kopuruak jaitsiera nabarmena izan du azken hilabeteotan krisia dela-eta. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat eskualdetako zentroen azken matrikulazio datuak eskaini ditu LABek, eta, iazkoekin alderatuta, askotan ia erdira jaitsi da kopurua.
LABek nabarmendu duenez, arrazoien artean, besteak beste, haurraren gurasoak langabezian geratu izana, enplegua erregulatzeko espediente bat pairatzen izatea edo egoera prekarioan lan egitea daude. Familia gurasobakarren arazoak ere aipatu ditu.
Haurreskolak zerbitzu publikoak izan arren, ume bat haurreskolan matrikulatzeak 198 euroko kostua du gurasoentzat haurrak eskolan bost ordu baino gehiago eman behar baditu, eta 151 euro bost ordu baino gutxiago emanez gero.
Haurreskoletako eskaintza publikoa kudeatzen duen partzuergoa sortu zenean ezarritako helburuak ere gogora ekarri nahi izan ditu LABek: lana eta familia uztartzen laguntzea, 0 eta 3 urte bitarteko haurrek hezkuntza zerbitzua jasotzea bermatzea, eta eskaintza handitzea. Egun, 0 eta 3 urte arteko haurrentzako plaza eskaintza %50,10ekoa dela azaldu du LABek.
Bestalde, haurtzaindegietako jangelen auzia ere konpontzeke dagoela gogoratu du LABek, Eusko Legebiltzarreko agindua egon arren. Zerbitzua «gurasoen ardurapean eta udalen borondatearen mende» dela adierazi du sindikatu abertzaleak. Haurreskola askotan bazkaltzeko edo janari zerbitzua kontratatzeko espazio egokirik ez dela, eta, ondorioz, kasu askotan gurasoek janaria etxetik termoetan eraman behar dutela ere salatu du.
Zerbitzuaren egoera ikusita, ezinbestekoa da LABen ustez hezkuntzako aurrekontua handitzea eta Europar Batasunean hezkuntzari eskaintzen zaion BPG indizeetara hurbiltzea. Eskaera idatziz igorri dio LABek Haurreskolen Partzuergoari. Horrekin batera, zikloa doakoa izatea eta janari zerbitzua hobetzea eskatu du LABek, baita hori lortu arte «egoera larrian dauden kasuistikak kontuan hartzea eta egoera horietara egokitzea» ere.